Prostitutak eta ostruka

  • Etxe ondoan aldaketa ugari jasan ditugu azken urteotan: aurrez aurre eskola, azpian eliza ebanjelikoa, haraxe parkea, haraxeago eliza katolikoa, polikiroldegia ere berton... “Jasan” diot, Bilboko erdigunean bizi arren hamarkadetan izan dugun bake inbidiagarria zapuztu digutelako aldaketok. Egia da apartamentuaren balioa merkatuan asko igo dela, baina igotze hori ez dut nik disfrutatuko.
Imanol Alvarez
Imanol AlvarezIñigo Azkona
Neuzkan lasaitasuna eta balkoira biluzik irten ahal izatea, aldiz, bai, neuk disfrutatzen nituen. Ingurunean betidanik dugun sexu-zerbitzuetako gremioan ere egon da aldaketarik aspaldion. Garai batean ia denak ziren Espainiako Estatuko adin guztietako andreak, gero neska heroinazaleak edota trabestiak –honela esaten zitzaien–, gaur egun gehien-gehienak afrikar beltz gazteak.

Auzokide batzuk buru-belarri dabiltza prostitutak nola edo hala bota nahian: eskola dagoela, eliza dagoela... Argazkiak eta guzti ateratzen dizkiete udalari bidaltzeko –ulertzen ez dudana, jakin denok baitakigu hor daudela–. Protesten ondorioz edo, udaltzainek batzuetan gorago joateko agintzen diete, etxeetatik apur bat urrutiratzearren. Beste batzuetan, berriz, beherago joateko, goiko auzo dotorekoek ere beraien etxeetatik ez omen dituztelako ikusi ere egin nahi.

Antzeko kontuan gertatzen ei dira beste leku askotan, Euskal Herrian zein atzerrian. Hainbatek emakumearen duintasun eta esplotazioa aipatzen ditu eta bezeroak zigortzeko ere eskatu. Honen guztiaren atzean zinismoa eta hipokresia antzematen ditut. Batzuek ez dutelako errealitatea ikusi nahi eta –askotan zerbitzuon erabiltzaile izanda ere– beraien etxeetatik urruti nahi dutelako, inor entera dadin beldur edo. Besteek, emakumeak –langileak oro har– kasu gehienetan duintasun handirik gabe eta soldata izena ere merezi ez duten sosen truke lan egiten duten arren, prostituzioaz baino ez direlako kezkatzen.

Beharrizan oro –fisiologikoak barne– merkatu-gai bihurtzen den gizarte batean –ordaindu beharreko komunak ere baditugu...– zer arazo dagoke, bada, sukaldariak, tabernariak eta abar dauden bezalaxe, sexu-grina dugunerako prostitut(o)ak egotearekin?
Erantzuna sinplea da: moralarekin egiten dugu topo, moral erlijiosoarekin alegia, zeinak sexuarekin zerikusirik duen guztia tabu bihurtu duen.

Gizarte idilikoan, jakina, dena izango litzateke justuagoa eta berdintzaileagoa. Zerbitzuak publikoak izango lirateke, doakoak alegia, eta, agian, denok izango genituzke txortan edota maitemintze-kontuetan aritzeko lagun ideala ere. Baina, errealitatea tematia da eta, gauden gaudenean, hobe genuke moralina gainetik kendu eta ostrukarena ez egin. Azken batean, gauza arriskugarriagoak irakasten dira elizetan eta auzoek protestarik ez. Hamaika ikusteko jaioak gara!

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude