Gotzon BarandiaranIñigo Azkona
Azken urteotako euskal politikagintzan intoleranteetan intoleranteena izan den alderdi bateko buruzagiak esan berri duenez, ETA-Batasuna munduaren intolerantzia eta indarkeriari aurre egitea eta deslegitimatzea izan behar da espainolizatuago utzi gura lukeen alderdiaren lehentasuna. Urteetako gatazka politikoa konpontzeko –zutabeak teilaturaino porlantzekotan egon garen sasoiotan– horrelakoak esatea beldurgarria iruditzen zait, eta erabiltzeko uzkur naizen berba erabiltzera. Erabat gaitzesgarria. Espainiako bi alderdi nazionalista nagusiek euskal independentismoaren aurka are gogorrago jotzeko, Espainiako epaile nazionalistek justizia gose greban iraunarazteko behar duten abiadura handiko eta ohorezko pasabidea da, beste bat. Kaskagorri, Gaztesarea, Egunkaria, 18/98 +..., Udalbiltza, Askatasuna, Batasuna, Osasuna, Maitasuna eta euskal nortasunarekiko jazarpena mantentzen duten Dignidad y Justicia bezalako guardia zibilen elkarte mozorrotuak eskuak igurtzika ariko dira, letaginetatik adurra dariela. Eta nortzuk eta zelan egingo diegu aurre epaileei eta poliziei, hamaika lagun euskarazko egunkari bat sortzeagatik urteetako kartzela zigorra betearaztera eramaten dituztenean? Orduan ere Gandhi izango dugu gogoan? Eta haren antzera jokatuko dugu edo gogoraraztea nahikoa izango da?
Zelan egingo genioke aurre Espainiako epaile nazionalisten erabaki politikoari Ibarretxe bera espetxeratuko balute? –barka, balizkotasunaren mugetan ari naiz–. Udaletxe aurreetan bost minutuko kontzentrazio isilekin nahikoa litzateke? 2008ko hauteskundeetan ordezkaritza lortu eta Espainiara joango gara euskaldunak bagarena aldarrikatzera, batzuk urteetako usadioari jarraikiz, bestetzuk, aspaldiko partez. Espainiar nazionalismoaren indarkeriari aurre egiteko Madrileraino joan behar dugu? Euren jarduera publikoki eta egunerokotasunez egin dute koiuntura eta mutu gaude komenigarritasunaren arabera kartzelaratzen dituztenean. Kalaka baino beste zerbait egin beharko nukeela mailukatzen dit inpotentziak, tai gabe, ezinegonak, eten barik.