Pijama marradunaz jantzitako mutikoa
Eta Brunoren begirada inuzente eta xalotik ezagutuko du irakurleak hain inuzente eta xaloa ez den errealitatea. Brunoren begietatik ikusiko ditu krudelkeria, laguntasuna, beldurra, ausardia, bidegabekeria, bakardadea, etsipena edota bizitzaren eta gizakion kontraesanak, askotan ulertzeko hain zailak.
Askoz gehiago ezin daiteke kontatu, ezustekoak mantentzeko eta irakurleari kontakizuna ez zapuzteko azalpenik ez emateko eskatu baitzion Random House argitaletxeari idazleak berak. Ahoz ahokoari esker, John Boyne idazle dublindarraren The boy in the stripped pyjamas liburuak arrakasta itzela lortu du denbora gutxian. Irlandan libururik salduena izan zen 35 astez, istorioa film bilakatzeko proiektua martxan du Disneyk eta eleberria hogeita bi hizkuntzatara itzuli dute dagoeneko. Euskaraz, Alberdaniak kaleratu du istorio hunkigarri hau.
Ipuina da John Boynek idatzitakoa. Ez du argumentu berri edo apurtzailerik asmatu –adieraziko ez dugun film oso ezagun baten antza dauka–, baina idazkera hain da garbia eta xumea, hain txukun dago kontatua eta hain da gogorra eta sentibera istorioa, hasieratik bukaerara harrapatzen zaituela arratsalde bakarrean irakur daitekeen ipuin honek.
Dudarik gabe, Brunorekin esploratzen ausartzea gomendatzen dizugu, pijama marraduna daraman mutikoa bilatzen laguntzeko.