argia.eus
INPRIMATU
Ehiztari exkax baten kontzientziak jarriak
  • I

    Mendi puntako egonaldian
    pentsatzeari ekina
    gozamen baten jaun eta jabe
    gaizto ospearen mina
    kontzientzian dauden zuloak,
    harrapariaren grina
    hego haizetan bidaltzen dizut
    barneko egon ezina.
Jokin Sorozabal 2007ko azaroaren 06a
Jokin Sorozabal
Jokin SorozabalMaddi Soroa
II

Beroa, hotza edo euria
argia edo iluna
joan ta joan, ezer ere ez
halere pozik eguna
badago gaitz bat odol-zainetan
guk bakarrik daukaguna
orbela sortzen hasten denean
sukarra sortzen diguna.



III

Oinez nola ba? Automobilez
mendiaren gain-gainera
talkyak eta telefonoak
internetekin batera
legionario jantzia eta
munizioa sobera
ejerzitoa ez da sartuko
ilaran jartzen bagera.


IV

Horrenbesteko inbasioak
lotsatan uzten nau, triste
mendia inork maite ote du
esaten duen hainbeste
ezer berririk ez dut asmatu
bera ari zaigu eske
hainbeste ematen digunarekin
hobeak izan gintezke.

V

Hamar aldiz joan ta azkenean
oilagorren bat bazala
harrapatzeko zoria bada
non da plazer bat iguala
zakurrek ahuli guk irribarre
isila baina zabala
hau da haurtxo bat lehenengo aldiz
oinez hastea bezala.



VI

Tarrapatapan Leitza-larrean
tiroketa dute jua
gaur bezain egun antzu batean
izan liteke lujua
aldameneko gordelekutik
egin digute ojua
berriz sukarra igo zait eta
ezkutatzera nijua.

Doinua:
“Bertso berriak jartzera nua/euskara garbi batian...”.