argia.eus
INPRIMATU
Post-hardcorearen mugei buelta erdi emanda
  • Same Old ::Contrafacto

    Labatelkuëyo Records

    iraupena ::41'07´´

    prezioa ::12.50€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2007ko azaroaren 11
'Contrafacto'
Hardcore munduan erreferente den Fragment diskoetxearekin bi lan kaleratu ostean Same Old Gasteizko taldeak ingelesa gaztelerarengatik ordezkatu du, eta taldekide berria batu zaie teklatuak jotzera. Pauso garrantzitsua eman dute aurrera eta post-hardcorearen erritmo trinko eta aberatsei rock klasikoaren doinuak batu dizkiete. Hori gutxi balitz, frontman-ak abesteko oso era berezia dauka, hard-rocketik edo aspaldi Münsterland taldeko Riojak egiten zuenetik hurbil dagoena. Oso ondo landutako musika da, oso teknikoa, kontraste handikoa eta aurreiritziak apurtzen dituena; haize berriak ekarri ditu. Lan hau Garaten grabatu dute Kaki Arkarazo eta Trikurekin, eta emaitza nabarmentzekoa da. Ez da harritzekoa Bilbo Hiria eta Gasteizko Txosnen lehiaketetan sari garrantzitsuak jaso izana, emaitza puntakoa da-eta.
«Rockaren aitzindarien musikatik edaten dugu, baina ikuspuntu moderno eta pertsonalagoa emanez»

Contrafacto. Zeren kontra?


Contrafacto da zerbait egin ostean horren akatsak zuzentzeko egiten den beste ekintza. Agintariek sarriago egingo balute, guztia askoz errazagoa litzateke.

Zergatik aldatu duzue ingelesetik gaztelaniara?


Gure pentsaera espresatu nahi genuen, eta aspaldian ingelesarekin ezinezkoa zen. Oso gustura gaude aldaketarekin, eta orain abestiak gureagoak dira.

Hala ere, hitzak kriptiko eta poetiko samarrak dira. Nahiago duzue entzule bakoitzak bere modura interpretatzea?


Beti saiatu gara hurbileko istorioak kontatzen, eta gehienak erdi autobiografikoak dira, baina oso modu zabalean lantzen ditugu: garrantzi handiagoa ematen diegu sentimendu eta sentsazioei gertaerei baino. Uste dugu hori dela jendeari heltzeko modu onena, gertaera horrek zure barruan sorrarazten duena deskribatuta.

Post-hardcoreari buelta erdi eman diozue, eta horretan zeresana du hard-rockaren doinuak erabili izanak…


Inoiz ez dugu jakin non kokatu. Hasieran punketik eta hardcoretik edaten genuen, baina aurrera egin dugu, eta gaur egun rockeroagoak garela uste dugu. Bestalde, egia da hard-rockaren eta rockaren aitzindari izandako taldeetatik gero eta gehiago edaten dugula. Baina saiatzen gara ikuspuntu moderno eta pertsonalagoa ematen.

Abesteko erarekin post-hardcorearen aurreiritzi dezente apurtu dituzue.


Baliteke abesteko era ezohikoa izatea, baina gazteleraz gehiago nabarmentzen da, erreferentzia gutxiago daudelako. Ahalegintzen gara musikak eta hitzek sentsazio berak ekar ditzaten; hori da gure musika bereziagoa egiten duena.

Triku Gasteiz aldeko taldeen aitajauna al da?


Taldeko beste partaide bat bilakatu da: laguna, laguntzailea eta ia aitaren antzekoa da guretzat. Triku gabe disko hau ez zen gauza bera izango. Zaila da Triku bezalako pertsona profesional eta hurbilekoak aurkitzea.