ACAMBI elkartearen ordezkariek –eta María José Acayak, elkarteko lehendakariak–, osasun gaiez arduratzen den batzordearen aurrean egindako agerraldian, gogor kritikatu zuten orain sei hilabete alderdi politiko batek egindako eskaerak jaso zuen ezezkoa. Acayak gogoratu zuenez, bularreko minbiziaren detekzio goiztiarreko programan 45 urtetik gorako emakumeak sartzea eskatzen duen osasun-egitasmoaren helburu nagusia bularreko minbiziak eragindako heriotza-tasa gutxitzea da. Ez da ahaztu behar kasuen %30a 50 urtez azpiko emakumeei diagnostikatzen zaiela. Eta, Inclan sailburuak berak esan bezala, minbizia da 30-44 urte bitarteko emakumeen artean heriotza kausarik usuena. Kontuak kontu, Gasteizko Legebiltzarrak uko egin zion adin tartea zabaltzeari. Erabakia sustengatu zuten alderdien ustez ez dago oinarri zientifikorik neurri hori onuragarria dela esateko.
Urteak daramatza ACAMBI elkarteak adin tarteak goitik zein behetik zabal daitezela eskatzen. Hala, eta orain urtebete Osakidetzak berak mamografiak egiteko gehienezko adinaren muga 65etik 70 urtera zabaltzea erabaki zuen bezala, gutxieneko adina ere zabaltzea behar-beharrezkoa da elkartearen iritziz. 2005. urtean 64tik gorako eta 50etik beherako emakumeen artean diagnostikatutako bularreko minbizi kopuruak antzekoak izan ziren arren –314 aurreneko adinean, eta 278 bigarrenean–, talde batean eta bestean oso desberdinak dira gaixotasunaren ondorioak, gizartearen, lanaren, familiaren nahiz ekonomiaren ikuspuntutik. Baita alderdi emozionalari eta bizi-itxaropenari dagokienez ere.
Adituek era horretako mamografiak 40 urtetik aurrera egitea gomendatzen dute azken urteotan. Izan ere, “positibo faltsuak aurkitzea baino askoz ere okerragoa da egiazko positiboak albo batera utzi edo ez antzematea”, Acayaren esanetan.