argia.eus
INPRIMATU
Argigarria
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 06a
Joxemari Ostolaza
Oso, Egibarrek ezagutzera eman ez duen xabalinarik gabe egin nahi omen duen jauzia. Hedabide batean Nafarroarik gabeko NaBai antzeko koalizioa behar omen da heldu den hauteskundeetan PSOEri eta PPri aurre egiteko eta Madrilen euskal hortzak erakusteko. Eta berak asmo hori plazaratzen zuenean, Ondarroan bertako gehiengo abertzalea ukatuz, ertzainen laguntza demokratikoaren indarra baliatuz, bere EAJ nagusitu egin da eta udaletxea okupatu formalki, eragotzi beharko litzatekeen alderdien legea kako.
Indarrak metatze aldera planteatzen omen du estrategia, garai batean Mayor Oreja gainditzeko Ibarretxeren aldeko botoa eskatu zuten bezalaxe. Baina Lizartzak lehenago eta Ondarroak orain, praktikan, alderantzizko errealitatea erakusten digute, bertako indarrak ahultzeko edozerk balio diela erakutsi baitute. Inguru hurbilean ezagutzen ditut zepoan eroritakoak, orduko eskarmentuz berriz ere nekez jausiko direnak. Iparraldeko EH Bain beharko lukete lehenik erakutsi indarren metatzeko prest daudela, frantses eskuindar chauvinisten berotik urruntzeko gauza direla, Euskal Herria dutela helburu eta ez beren EAJ. Baina argi da, EAJ dute xede Euskal Herriaren kaltetan bada ere. Iparralde honetan badugu horren berri, Ondarroan legez.