argia.eus
INPRIMATU
Antologia unibertsala
Edu Zelaieta Anta 2013ko maiatzaren 06a
Edu Zelaieta
Ismael Serranok irailaren 11n atera duen diskoari esker jakin dut duela 30 urteko egitasmoaren berri. NASAk espaziorantz abiarazitako Voyager zundez ari naiz. Proiektu hura diseinatu zutenen arabera, 74.500 urte igaroko dira –orain 30 gutxiago– gure eguzki-sistematik hurbilen dagoen izarraren parera ailegatzeko.

Zundetan txertatutako urrezko disko batean bilduta, Lurreko bizia eta kultura islatzen omen dituzten soinu-irudiak bidaiatzen ari dira ad infinitum. Helburua? Bada, kosmosean barrena gure berri ematea. Dena den, edukiak piztu dit jakin-mina; hau da, nork eta zeren arabera erabaki zuen guztion ordezkaritza planetarioa: naturarekin lotutako 115 irudi, 55 mintzairatan egindako agurrak, garai ezberdinetako musika hautaketa bat… eta, badaezpada, –orduko– AEBetako presidente Carterren eta –orduko– NBEko presidente Waldheimen mezuak.

Ez nuen uste neure burua halako saltsa batean ikusiko nuenik, baina ez didazue ukatuko apokalipsiak ere baduela bere xarma, ezta? Dagoeneko irudikatzen hasia naiz planetaren hondar egunak, mundu mailako erreferendumak: Beethoven ala Mozart; Moliere ala Cervantes –Shakespearek ziurtatua baitu tokia–; Imaz ala Egibar?