argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Alzheimer kasuak milioitik gora 2020an
  • Alzheimer gaitzaren intzidentzia bikoiztu egingo da gure artean 2020. urterako. Gaixotasun hori sarritan nahasten da zahartzaroko dementziarekin eta zaintzaileei ere gogor erasaten die –beraiengan baitago, zoritxarrez, gaixoen ardura nagusia–.
Jabier Agirre 2013ko maiatzaren 06a
Ehun urte bete dira Alois Alzheimer neurologoak bere izenez ezagutzen dugun gaixotasuna ezagutzera eman zuenetik. Gaur egungo estimazioen arabera, 65 urtetik gorako biztanleen %5-7 dira gaitz horrek jota daudenak (650.000 pertsona inguru Espainiako estatuan), eta 85 urtetik gorakoen artean, hamarretik lau. “Alzheimerra da bizi-itxaropena handitzeagatik ordaindu beharra daukagun prezioetako bat”, dio Madrilgo San Carlos ospitaleko zuzendari Juan José López Ibor psikiatrak.

Alzheimerrak jota dauden pertsonen %85-90 hurbileko senideekin bizi dira, eta pertsona horiexek dira gaixoak zaintzeak dakarren zama fisikoa, psikologikoa eta baita ekonomikoa ere aurrera daramatenak. Familiartekoei laguntzeko, eta zainketa lana samurragoa egiteko, laguntza taldeak eratu dira azken urteotan. Erasandakoen familiartekoentzat, dena den, kontzientziazioa da gakoa. Oso garrantzitsua da medikuak gaixoari eta bere inguruari egia esatea. “Garuneko gaixotasuna da, eta tratamenduak ez du sendatzen, baina lasaitasun giroa ekartzen du. Familiartekoak pertsona bera izaten jarraitzen du, noski, baina pixkanaka bere nortasuna ere aldatzen hasiko da, gaixoaren arrimuan”, dio Alzheimer Fundazioaren idazkaria den Jacques Selmés adituak.

Duela hamar urte gaitz hau ia ezezaguna zen gizartearentzat, eta kontsultak egiten zirenerako gaixoaren adimena oso hondatuta egoten zen. Espezialistek kalkulatzen dutenez, hamarren bat hilabete pasatzen dira aurreneko sintomak agertu eta medikuari bisita egin artean, eta beste hamar kontsulta horren eta diagnostikoa ezartzen den unearen artean. Ia oharkabean joaten diren hilabete luze horiek gutxitzea, diagnostikoa lehenbailehen finkatzea, eta tratamendua martxan jartzea lortuko bagenu, gauzak beste modu batera joango lirateke denontzat, bai gaixoarentzat eta baita zaintzaileentzat ere.