argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Sagarra eta garrazkiak
  • Aizkolari, trontzalari, arraunlari... lari askoren gisan milaka urtetan langintza hedatuak izan diren ugari, folkloriko edo, arras makurrago dena, kirol modura ezagutzen ditugu orain.
Jakoba Errekondo 2007ko urriaren 28a
Folkloreak gozatzeko zirrikitua uzten du sikiera... Horretan aritu gara azken egun hauetan Ezkioko Igartubeiti dolare-baserri gotikoan, gozatzen, XVI. mendeko dolarearen krakatekoen negarretan. Baztango Arizkungo Gamioxarreko dolare barrokoan habia duen “Jo ala Jo” elkartekoek berreskuratu egin dute garai bateko sagar-jole koadrilek biziko zuten lan-giroa eta, egun mirakulutik gertu dena, kantuan jarri zuten ikusle jendea: biko eta hiruko erritmoetako dolare-kantuak, “Aldapeko sagarraren...”, Azkuek jasotako “Rau, rau, rau...” erako “A, a, a, sagarra joa dela... E, e, e, ni sagardoaren alde”... Nafar hauek beti erakusteko pronto eta, sagarra, kirikoketa, adar, txistu edo txalaparta jotze saio eta sagar ardo eta muztio trago artean, sagarren buruz; ea gure hizkuntzak medio, batzuon eta besteon jakintzak berdintzen ditugun, ahosabaiarena bezala sagarrena: sagarrak zenbat multzotan bana daitezke, galdera; sagar zuritze, desmutxikintze eta koskadizo ugariren ondoren: baztandarrentzako eztiak beterritarrontzako gozoak, geuretzako gezak haientzako saminak eta biontzako gaziak. Gazietan behinik bat gara eta...

Gamioxarreko kamioaz gain, sagarraren gazi horrek berak baditu makina bat bide, asko eta gehiegi. Mandarinatan bat. Britainiar ikerle batzuen arabera mandarinaren azalean dagoen salbestrola minbizi saldo baten aurka eraginkorra izan daiteke. Giza-minbizien zeluletan ugaria den P450CYP1B1 entzima jo eta txikitzen omen du fitoalexina horrek. Intsektuak eta onddoak uxatuaz haien erasoetatik babesteko landareek ekoizten dituzten gaiak dira fitoalexinak. Mandarinaz gain, garrazki guztietan beste bat. Kanadako KGK Synergize botikagilea eta AEBetako Nekazaritza Sailaren artean burututako ikerketa baten harira, kolesterol kaltegarria gutxitzen egungo edozein botika baino eraginkorragoa den osagai bat omen dute garrazkiek azalean: PMF. Polimetoxilatutako flabona, alegia.
Hori gutxi balitz, beste sendagaiek sortu ohi dituzten gibeleko gaitzak eta giharren flakia bezalako albo-eraginik ez omen dakar.