Erein argitaletxeak berriro plazaratu du Haur besoetakoa, poltsiko sailean. 1959an idatzi zuen Jon Mirandek hainbeste irain eta laido ekarri zizkion nobela hau. 1970 arte ezin izan zuen argitaratu, ez nobela eskasa delako, ukitzen duen gaiarengatik baizik: adineko gizon baten eta hamar-hamaika urteko neskatxa baten arteko amodio istorioa. Gabriel Arestik Lur argitaletxeak kaleratu zuen unean eskainitako hitzaurrean zioenari jarraituz, buruko biloak luzatu eta belaunak larritu egiten dituen gaia da eta sekulakoak entzun behar izan zituen Mirandek. Halere, Arestirekin batera zera adierazi dezakegu: oso ongi idatzita dago.