argia.eus
INPRIMATU
Oinarrizko rock-and-rolla eta musika beltza
  • Eureka Hot 3 ::Eureka Hot 3

    EH3    

    iraupena ::13´20´´

    prezioa ::3€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2007ko urriaren 28a
'Eureka Hot 3' diskoa
Hastapenetatik Atom Rhumbako kide zen Sergio Llanos bilbotarraren azkeneko taldea dugu Eureka Hot 3. Rhumbero izateari utzi zionetik hainbat talde izan ditu eta hau Gotzon bateria jotzailearekin –Münsterland, Bongolocos– eta Josu saxo jole bermeotarrekin –Cyprinidians– osatu du. Rock-and-roll freskoa, zuzena eta sofistifikaziorik gabea egitea da beraien nahia, gorputzak eskatzen diena. Hala ere, saxoaren soinuak eta konposizioetako batzuek agerian uzten dute Sergiok musika beltzarenganako duen zaletasuna; emaitza oso beroa da eta. Badira halabeharrez Morphine gogorarazten duten kantuak –Mess, We´re movin’ on–; garage-punkagoak –Stepping high– edota jazz-souleroagoak –I can’t help it–. Egunotan baxu jotzailea batu zaie, eta emaitza are funkyagoa omen da.
«Arrakasta lortu arren, barrutik hutsik bazaude hobe duzu uztea; garrantzitsuena musika da»

Argi zenuen zer egin edo gainontzeko taldekideek eraman zaituzte hona?

Uzi Trion jotzen ari nintzen after-punka egiten. Gotzonekin (bateria) elkartzen hasi nintzen asmo handirik gabe, zerbait espontaneoa egiteko. Rock-and-roll freskoa, oinarrizkoa eta primitiboa egin nahi nuen. Josu (saxoa) batu, eta kantuak irteten hasi ziren. Emaitzarekin gustura gelditu, eta disko hau grabatu genuen.

Konposizioan zu bakarrik ari zara edo guztion artean egiten duzue?


Hiruron artean egiten dugu, lokalean. Nik abestiak egiteko alboan bateria behar dut, feedbacka. Horiek dira kantu onenak, buelta askorik gabe. Hitz gehienak nireak dira, kateatutako sentsazioak.

Lan honetan sinpletasunaren bila joan zara, iraganeko sofistikazioak alde batera utzita…


Lehenengo abestiak sinpleagoak ziren, bueltarik eman gabekoak. Orain taldea nahikotxo garatu da. Sofistikatua ez izatea ez da aurrez pentsatutako zerbait; gorputzak eskatzen didana egiten dut. Energia purua da, eta oso ondo pasatzen dugu; energiak eraman gaitzan uzten dugu, musikak eramaten gaitu.

Hot? Bai, musika beroa. Hiru? Bai, hirukotea. Eta Eureka? Harri filosofala aurkitu duzue?


Hala uler daiteke, baina ez. Izenak 1930-40ko orkestrak gogorarazten dizkigu, taberna zuloetakoak. Gainera, Eureka hitzak ongi ematen du belarrira.

Denbora luzea eman zenuen borrokan Atom Rhumba ezagutzera emateko; eta azkenean helburua lortu arren, jada ez zaude han. Orain hutsetik hasi beharra daukazu. Horrek erakusten du musika zainetan daramazula?


Egiten dudan horretan sinistu behar dut; bestela ez nuke hain gogor borrokatuko. Arrakasta lortu arren, barrutik hutsik bazaude hobe duzu uztea; garrantzitsuena musika da.

Zer da gehien betetzen zaituena?


Jendearekin jotzeak; eta une horiek ahalik eta gehien gozatzeak. Horrez gain, abestiak idatzi eta horiek hobetzea. Musikaren energia, sentsazio físiko hori behar dut.