argia.eus
INPRIMATU
Arrastoak
2007ko urriaren 28a

Ludwig van Beethovenen heriotza historiako polemikoenetakoa da. Adituak ez dira orain artean ados jarri, konpositorearen sintoma bitxiek nahastuta. Lehenik hepatitisak hil zuela uste zuten, gero sifilisak jota hil zela, baina ikerketa berri batek hipotesiak aldatu ditu: Bederatzigarren Sinfoniaren egilea berun tratamenduak eragindako gibel arazoengatik hil omen zen. Vienako Unibertsitateko Auzitegi-Medikuntzako zerbitzuburu Christian Reiterrek egin du ikerketa, musikariaren ileak baliatuz. Azaldu duenez, gaixoaren azken 400 egunetako osasun egoeraren informazioa ematen dute ileek. Horren arabera, bere azken urtean Beethoveni berun-gatza eman zioten pneumonia sendatzeko; garai hartan beruna sendagai unibertsala zen. Baina alkoholak konpositorearen gibela ahulduta zeukan eta berunak gehiago okertu zuen. Haren organismoa likido aszitiko gehiegi ekoizten hasi zen, horrek sabela puztu zion eta hainbat puntzio egin behar izan zioten. Baina zauriak sendatzeko kataplasmek ere beruna zuten eta gaixoaren egoerak okerrera egin zuen. Beethoven Vienan hil zen 1827ko martxoaren 26an, Hamargarren Sinfonia amaitu gabe.