argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Anaia zaharrena, bigarrena baino azkarragoa
  • Neba-arrebek duten ordenaren eta adimenaren arteko harremanaz eztabaida asko egin izan da aspaldidanik. Orain, 18 eta 19 urteko norvegiar gazteen artean egindako azterketa batek argi pixka bat ekarri du gai horri buruz. 80ko eta 90eko hamarkadetan, soldaduskara iritsi bezain laster, 240.000 mutikori egindako adimen-koziente neurketak erakutsi duenez, anaia zaharrenek emaitza hobea lortu zuten, batez beste, bigarren anaiek baino. Hain zuzen, aldea 2,3 puntukoa izan zen: lehenengoek 103ko puntuazioa erdietsi zuten eta bigarrenek 100,7koa.
Jabier Agirre 2007ko urriaren 28a
Ikerketa ondo diseinatuta dago, familia-egoera eta beste faktore batzuk kontuan hartuz. Eta adimen-kozientean agertzen den alde hori horrelaxe azaltzen da, baita anaia zaharrena biologikoki hala ez denean ere, alegia, beti ere hala balitz bezala hazi izan baldin bada. Bestela esanda, adimenean azaltzen den alde hori ez dagokio ordena biologikoari, mutikoak familian hartu edo jokatzen duen maila sozialari baizik.

Science aldizkariak ekainean argitaratu zuen ikerketa, eta haren egileek, Petter Kristensen eta Tor Bjerkedal zientzialariek diotenez, lehenengoen eta hurrengoen arteko diferentzia mutil horiek bai bere familia-inguruarekin bai elkarrekin izandako interakzio sozialari zor zaio. Anaia zaharrenak, bere anaia txikiagoaren tutore modura jokatuz, hobeto garatzen omen ditu trebetasun kognitiboak, eta gero horiexek neurtzen dira probetan. Hipotesi horrek argitzen du zergatik lortzen duten seme bakarrek anaia zaharragoek baino puntuazio okerragoa, ez baitaukate inor erakutsi eta zaintzeko.

Erronka berria zabaldu zaie orain ikertzaileei: ea Norvegiakoaren moduko datu-banku zabalak erabiliz, emakumezkoetan ere antzeko emaitzak lortzen diren. Eta bestetik, ea diferentzien jatorriak orain artean erabiltzen ziren hipotesiak berresten dituen: faktore genetikoaren eta ingurumenaren arteko eragina, anaia bikietan esaterako, horiek anaia zaharragoek baino puntuazio okerragoa lortzen baitute.