Nola hustu nuen gurasoen etxea liburu hunkigarriarekin eman zuen ezagutzera Alberdania argitaletxeak euskaraz Lydia Flem psikoanalista eta idazle frantziarra. Egile beraren Izua plazaratu zuen gero, eta oraingo Amodio gutunak oinordetzan honekin gurasoak galdu ondoren idazleak nahigabeari nola erantzun dion jakingo du irakurleak. Ireki gabe etxeratu zituen kartoizko kutxetan, guraso izateko asmorik oraindik ez zutenean aitak eta amak elkarri trukatutako maitasun gutunak zeuden. Hiru urte eskutitzetan bilduta, 1946an elkar ezagutu zutenetik, 1949ko abenduaren lehenean ezkondu ziren arte. Eskutitz bidez elkarri adierazi zioten maitasuna esku artean, zer egin ezin asmaturik geratuko da alaba.