Menpe ikusten nuen nire burua, gorputz bakarreko bi esku tinkatzaileen menpe. Espainolek jokatzen zuten Danimarkaren aurka. Inguruan beren etorkizunak haien esku baleude bezala, mordoa kezkaturik. Gaur ez badugu irabazten jai dute zioten partidaren aurretikotan. Afaria antolatu eta partida elkarrekin sufritzeko lekua aukeratua zuten. Berrehun bat metrora, zubia ibar, frantsesek ingelesen kontra zuten jokatu beharra. Telebista erraldoiaren inguruan jezarri eta garagardoak lagun, Marsellesa entzuten nuen. Erdiak edo kantari ari ziren ahopeka beren baitan bilduak. Gu Larzabaletik gentozen Oztibarreko ikastolaren eta Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioaren zabaltze ofizialetik. Aspaldiko lagunak agurtzeko paradak, berez balio zuen. Seiehun bat bazkaltiar. Otordua eta zerbitzua bikainak. Urruñako txarangak animatutako bazkalostea kategorikoa. Baxenafar gurasoen kemenak eredu, egun-pasa zoragarriaren ondoren errugbiak eta futbolak beste errealitate gordinera ekarri gintuen, egunerokoak gaztigatzen gaituenetara. Uzkur sartu eta burumakur irten. Zubi ibarraren bi aldeetan ezagunak, une horretan gogoak eskatzen zigun inoiz ezagutu ez bagenitu bezala tratatzea. Hala ere jendetasunak eskatuta hauek ere agurtu egin genituen, nondik gentozen esan gabe noski.