60 metodoa

  • Garai itsusiak bizi ditugu; batzuk, garai latzak. Akabo arin eta baikor bizi gineneko sasoi hura. Egurra ari du. Eta, hala ere, eutsi egin behar zaio hasitakoari, prestatu beharra dago eguzkia itzultzen denerako, beti itzultzen baita.
Mikel Irizar
Dani Blanco
Alderdien akordioa. Loiolan akordioa ia lotu omen zeneko horrek zer pentsa handia jartzen du: ez gaude hain urrun. Eta, dudarik gabe, han erabilitako zatiekin osatuko da puzzlea noizbait. Bestalde, argi dago akordioaren balioa, denek aldarrikatzen baitute.
Badago, beraz, lanik aurreratuta. Ikus dezagun nola segi bidean.

Berdinketa itxura. Akordioaren funtsa jartzen badugu marko juridiko-politiko berrian, ordezkari politikoen ia erdia legoke egungo markoari eustearen alde, eta erdia pasatxo markoa sakon aldatu guran. Hortik dator berdinketa itxura, eta egungo markoaren defentsa: erdia gehi bat ez da nahikoa markoa aldatzeko. Baina ez da zentzuzkoa, ezta ere, erdia ken batek blokeatu ahal izatea aurrerabidea, are gehiago blokeo horrek egoera latzean sartzen bagaitu.

Gehiengo kualifikatua. Horrelako arazoak badaude gizarte egituretan ere, eta aisa konpontzen dira metodologia egokiarekin. Gai potoloetan berdinketa modukoak gertatzen direnean, gehiengo kualifikatuak adosten dira eta horiek lortzeari ekiten diote alde biek. Modu askotan kualifikatu daiteke gehiengo bat, neurri ezberdinetan. Nik 60a proposatzen dut.

Zergatik 60? Ez dut kalkulu berezirik egin, ea galga horrek nori egiten dion mesede. Eta ez lidake inportako gehiengo kualifikatuaren neurria beste nonbaiten jarriko balitz. Nik 60a hartu dut Europak landu zuen sasi-konstituzio hartatik, han ere adostasun erabatekoaren eta blokeoaren arteko erdibidearen bila ibili ziren eta. Uste dut azkenean bi neurri jarri zituztela: gehiengo kualifikatuak behar zuen ordezkarien %55a, eta hauek ordezkatzea populazioaren % 60a. Bietan 60 jarrita, egin dezagun ariketa bat.

60 metodoa.
Jar ditzagun alderdi politikoak lanean, akordio bila, Loiolan bezala. Gutxienez han omen zeuden hirurak ados jartzen badira, EAEn aisa gainditzen dituzte bi 60ak. Agian ez, ordea, Nafarroan. Demagun egungo egoera dagoela eta akordioaren aldekoak direla erdia pasatxo. Blokeoa desegiteko bidea da akordioari buruz herritarrei galdetzea. Hauen %60a ados balego, akordioak aurrera egin beharko luke; eta, bestela, alderdiek negoziatzen jarraituko lukete.
Behin lortuta %60ko adostasuna gainditzen duen akordio bat, hori gauzatzeko konpromisoa izango luke gobernu zentralak eta, hala ez balitz, konfrontazio demokratikoaren garaia litzateke.

Metodoaren argia. Zinez uste dut komeni zaigula teknikari eta metodologiari leku handiagoa ematea politikan. Ditxosozko “transbersaltasuna” adibide hartuta. Helburu gisa lotzen bada alderdi jakin bat akordioan sartzearekin, orduan blokeorako tresna bihurtzen da alderdi horrentzat. Aldiz, kopuru batekin definitzen denean noiz den gehiengo bat nahikoa “transbersal” –ordezkari edota herritarren portzentajean– blokeo ahalmena deuseztatu egiten da.

Beste hitz fetix bat: sedukzioa. 60 metodoak argitzen du non eta zertarako behar den bereziki seduzitzeko gaitasuna: Euskal Herrian, eta ordezkarien edota herritarren %60a konbentzitzeko. Sobranterik balego, orduan bai, “eman eta zabal zazu”.

Era berean, argi legoke gehiengo juxtuarekin konfrontaziora doanak ez duela arrakastarik izango eta albo-helbururen batekin konformatu beharko duela. Alde ederreko tenorean joango litzateke Ibarretxe Madrilera, atzean balerama gehiengo kualifikatuaren metodologia bat adostuta.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude