Ernesto Sabato idazle argentinarrak argitaratutako trilogiaren aurreneko liburua da Mikel Garmendiak Literatura Unibertsala sailerako euskaratu duen Tunela (1948) –Sobre héroes y tumbas (1961) eta Abaddón el exterminador (1974) dira beste biak–. Preso dagoen gizon batek bere izaera ulertzen zuen pertsona bakarra hiltzeko izan zituen arrazoiak azaltzen ditu xehetasun guztiz liburuan, baita hainbeste maite zuen emakumea akabatu izanak sortzen dion arrangurak ere. Amodio sukartsu eta gaixotiak elkartu zuen Juan Pablo Castel margolaria biktima izango zuen Maria Iribarnerekin. Jeloskorkeriak eta emakumea guztiz berea ez izatearen sentipenak eramango dute gizona bikotekidea erailtzera.