argia.eus
INPRIMATU
Eneko Acero
“Nekagarria da sasoian egotea eta etengabe bidaiatzea”
  • 30 urteko algortarra (Bizkaia), Euskal Herriko lehenengo surflari profesionala bilakatu zen eta orain kanpoan
    ematen du urte erdia. Kanariar Uharteetara joatear
    zegoela harrapatu genuen; izan ere, olatuetara igotzeaz
    bizi dena gutxitan jaisten da abioitik.
Fermin Etxegoien 2007ko urriaren 21
Eneko Acero
Iñigo Azkona

Sirenarik ikusi al duzu inoiz?


Nola?

Ea marrazorik ikusi duzun inoiz...


Ez, ez... Zorionez!

Beldurra ematen dizute marrazoek, ala?


Bai noski, handia. Istripuak urtero gertatzen dira Australian, Hawaiin, Hegoafrikan...


Euskal Herriko spot edo surf gunerik arriskutsuena?


Galea, Getxon (Bizkaia).


Errealitatetik kanpo bizi al zarete surflari profesionalak?


Egun osoa itsasoaren atzetik ibiltzea bitxia da, dela haizea, dela mareak... Hainbat gauza pasatzen uzten dugu agian, baina beste kiroletan berdin gertatzen da.

Mundakako olatua desagertu zenean depresioak jota ibili zinen?


Egia ezan bajoi itzela izan zen Euskal Herriko surflari guztiontzat. Bi urte Mundaka gabe! Negua latzagoa izan zen, baina azkenean bueltatu egin da!

Martxoan hasten zara bidaiatzen, eta Gabonetan bukatu.


Bai, aurten leku mordoan egon naiz: Brasilen, Australian, Eskozian, Hegoafrikan, Maldiva uharteetan, Kalifornian...

Zurea bai ametsezko bizimodua!


Pribilegiatuak gara eta hori guztia, baina profesionala izateko diziplinari eutsi behar zaio. Sasoian egotea eta etengabe bidaiatzea nekagarria da.


Nork ordaintzen dizu?


Esponsorrek eta txapelketa antolatzaileek. Bestalde, lehiatzeaz gain argazki saioak egiten ditugu.

Hitz egidazu euskal surflarien nortasun bereziaz.


Munduan zehar jende jator, garbi eta irekitzat gauzkate. Kanpoan maite dute gure bizitzeko modua.


Orain zure aurretik dabiltza beste gazte batzuk...


Sailkapenak modu askotara ikus daitezke. Azken hamar urteetan neu izan naiz Euskal Herriko surflaririk onena.


Surflari federatu gehien dituen Europako udalerria Getxo omen da. Santurtzin jaio izan bazina?


Egia esan, gu Santutxun (Bilbo) bizi izanak gara eta gero Algortara joan ginen. Itsasoa hurbil edukitzeak dena errazten du.

Acero anaiak (Iker, Kepa eta zu), Algortako bitsa...


Oso kostalde ona dauka, eta horregatik oso surflari onak dira algortarrak.


Acerok surflari abizena dirudi: munduko onenetakoak Irons anaiak dira!


Egia da, antzeko abizenak ditugu, kar, kar, kar. Batzuk Euskal Herrikoak eta besteak hawaiiarrak, hara!