Itzali infernuak!

  • Vall d'Hebrongo bortxatzailearen kasuak eta antzekoek zer pentsa ematen dute. 16 sexu-eraso, 311 urteko espetxe-zigorra, 16 urte bete… eta irten behar duenean, eskandalua hedabideetan… baita gizartean ere (berez edo nahita eraginda sortu den, beste kontu bat da). Zer pentsa ematen du nolako errazkeriaz jende “zentzudun eta ikasi” ustekoek botatzen dizuten lasai asko: “Horrelako jendea ez da inoiz aldatzen. Horrek berriro egingo du lehen egin zuena. Horiek bizitza osoa kartzelan eman behar dute”. Eta bestelako argudio edo jarrerarik sumatzen badizute, azkar entzungo duzu: “Berdin pentsatuko ote zenuke ama, emaztea edo arreba bortxatu balizute?”.
Iñaki Mendiguren
Dani Blanco
Sexu-krimenetan –are gehiago haurrak eta odola tartean direnean– oso erraz nahasten zaizkigu tripak, eta horretaz ongi baliatzen da zenbait agintari, on eta gaiztoz osaturiko gizarte-sistema manikeoak gogoko dituzten horietakoak. Eta morboak asko saltzen duela jakinda, erraz aurkituko dute “esku gogorraren” aldeko prentsa mota bat; baina, hara!, krimen horietantxe eta beste pare batean bakarrik (adb., terrorismoa: zer arraio ote da hori?). Garai batean gure kaleetan zabaldu ziren mezu haiek –Contra violación, castración– orain apur bat findu egin dira: “Bortxaketaren kontra, irentze kimikoa”.

Biktimentzako errespeturik handienaz esanda, heriotza-zigorra edo bizi arteko espetxe-zigorra eta antzekoak, justiziaren mozorropean, mendeku eta arrangurazko sistema antzu eta porrot eginak baino ez dira. Esan gabe doa lehentasuna biktimak behar lukeela, egin dioten kaltea konpontzeko posible den laguntza guztia. Biktimari gerta dakiokeen okerrena bizitza osoan biktima izaten jarraitzea da: gau eta egun gaizkilearen aurkako mendekua hausnartzen egotea, gorrotoa bere bizitzaren zentzu bihurtzea, egin dioten mina gainditzeko gai ez izatea. Beraz, biktimari laguntzea da gizartearen lehen egin beharra, horretan dudarik ez.

Baina biktimak lehentasuna duen arrazoi beragatik –giza duintasunagatik, alegia–, gaizkileak errehabilitatzeko itxaropena, aukera eta baliabideak behar lituzke beti, beti. Baita krimenik handienen egileak ere. Gertatzen da oso herrialde gutxitan dagoela oraindik gaizkilea “osatzera” zuzenduta justizia. Gaizkilea nekez hartzen da senda daitekeen gaixotzat (estatista edo politikari ahaltsua bada, eginak egin, saiatuko da gobernari eraginkor gisa agertzen; soldadua bada, langile ordaindu edo heroitzat. “Galtzaileak” bakarrik usteltzen dira espetxean). Dena den, askoz inbertsio handiagoak egingo bagenitu gizakiaren buru-osasun edo ongizate psikikoan, asko aurreztuko genuke erreformatorio, polizia, auzitegi eta espetxeetan; sufrimendu, energia eta dirutza handiak aurreztuko genituzke! Ez dago justiziarik, zuzentasunaren araberako zigorrik, errehabilitatzeko aukerarik gabe.

Eta horren haritik, uste dut kristau-teologiak baduela kontraesan edo aberrazio handi samar bat, onik egiten ez diona. Demagun gizakiak kontzientzia osoz eta maltzurkeriarik handienaz (eta asko suposatzea da, e!) egundoko izugarrikeriak –“bekatu mortalak”, alegia– egiten dituela. Zenbat urtez? Gehienez ere 40-50 urtez?… Bidezkoa al da ordainetan betiereko kondena jasatea, inoiz atzera buelta edo errehabilitatzeko aukerarik ez duena? “Infernua” deitu izan den egoera horretan ez dagoela itzulbiderik sekula santan? Tira, tira, espekulazio teologikora emandako horiek asma dezatela beste zerbait maitasun den Jainkoarekin bateragarriagoa dena. Bitartean saia gaitezen infernu guztiak itzaltzen; eta badaezpada ere, heriotza osteko eternoaz gehiegi kezkatu ordez, has gaitezen “orain eta hemen” hain errealak diren beste infernutxoak itzaltzen!

ASTEKARIA
2007ko urriaren 21a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude