“Gipuzkoan euskal pilota gaitzat duen aldizkaririk ez dago, eta gaiari buruz euskaraz argitaratzen dena oso urria da. Gure herriaren kulturaren eta historiaren parte direnez, euskal pilota eta euskara bat egitea erabaki dugu”, dio Leire Montes federazioko komunikazio arduradunak. Hala sortu da Kantxatik, koloretan 20 orrialdetara joango den hiruhilabetekaria. Lehenengo alea urrian karrikaratu dute eta gehienbat oinarrizko pilota izango da protagonista; hots, profesionalen aldean, hedabideek hainbatetan ahazten dituztenei eskainiko zaie lekua: haurrei, neska pilotariei, afizionatuei, elkarteei, pilota eskolei… Baita eskua ez diren gainontzeko jokamoldeei ere, errebotea, zesta punta edota trinketa kasu.
Hain juxtu, pilotaren baitako arlo guztiak ukitzea eta mundu horretan egiten den lana hedatzea du helburu aldizkariak. “Pilotari asko dago, baina jarraipen gutxi –dio lehenengo zenbakian Joseba Urdangarin Herri Irratiko kazetari eta kirolak.net web guneko kideak–.
Pilota profesionalak badu bere tokia, baina afizionatuek? Txapelketa pribatuak izan ezik, zaila dute non azaldu”. Horregatik, ongi etorria eman dio Kantxatik ekimenari. Hasiera batean elkarte federatuen artean banatuko da aldizkaria, klubek euren pilotarien artean bana dezaten.
Zeberio, Arregi eta Babesku
Lehenengo zenbakia esku artean izan dugu dagoeneko eta erreportaje eta elkarrizketa ugari aurkitu ditugu bertan. Besteak beste, erremonteko buruz burukoa irabazi duen Patxi Zeberio puntistari eginiko elkarrizketa, Gipuzkoako Pilota Txapelketaren inguruko erreportajea, Babesku eskularru bereziari buruzko azalpenak, Jose Ramon Arregi puntista ohi eta selekzioko hautatzailearen aholkuak, finaletako emaitzak, Asperen gomendioak, adituen iritziak… bildu dituzte.
Ekimen jaioberriak pilotaren munduko klub, afizionatu eta jokalarien artean sortu duen aukera berriari ilusioz eta gogoz egin dio aurre federazioak. Orain, horiek guztiek kantxan egiten duten lanari merezitako oihartzun zabala ematea izango du erronka nagusi.