argia.eus
INPRIMATU
Bidaiatu eta euskal musika tradizionala aberastu
  • Bidaia ::Duo

    MPromo

    iraupena ::37’45’

    prezioa ::18.45€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2007ko urriaren 21
'Duo'
Mixel Ducauk eta Caroline Philipsek txikitatik dihardute musika egiten: Ducau Baionan zein Parisen, Errobi rockeroekin, jazz taldeekin edo beste dozenaka proiektuetan; Philips, aldiz, Kalifornia jaioterrian hasi eta Afrika zein Europan pianoa astintzen eta melodia goxoak abesten. Orain dela hainbat urte elkartu eta taldea osatu zuten. Aspaldian berriz, biak bakarrik ari dira eta euskal folka berpiztu eta munduko beste kultura batzuekin nahasten dute. Horretarako, alboka, zarrabetea, atabala eta panderoa erabiltzen dituzte, besteak beste. Euskara, arabiera, ingelesa… hizkuntza anitz ageri dira euren kantuetan; eta gai dira antzinako tradizioetan ikertzeko, pop-rock arima duten kantu erromantikoak ingelesez abesteko edo Benito Lertxundiren "Herribera" hunkigarriari ukitu berezia emateko.
«Musikak jendea biltzen du eta hor dago gure egitekoa mugak apurtzeko»

Zer da musika zuentzat, bidaia egiteko modua?


Lehenik plazera eta beharra da; gure emozioak espresatzeko modu bat. Eguneroko bizitzatik alde egitea segurki baietz. Eta une baterako bidaiatxo bat jendeari proposatzea ere bai.

Albokasbah, Albokalifornia, Albokajun… Alboka eta euskal musika tradizionala esportatzeko modukoak dira? Zer nolako harrera dute kanpoan?


Izenburu horiek erakusten dute nola edozein giro musikaletan errazki sartzen den tresna txiki berezi hori. Eta kanpoko ikusleei asko gustatzen zaie.

Zer instrumentu mota da zarrabetea?


Sokazko tresna bat da. Arrabita bezalako sokak ditu eta arku baten ordez, errota batek igurzten ditu sokak. Soka batzuek bordoiak –nota finko bat edo gehiago– eta besteek melodiak egiten dituzte. Ezker eskuak melodia egiten du tekla txiki baten bitartez; eta eskuinak errota itzularazten du. Europako tresna da, Erdi Arokoa, oso hedatua Frantzia erdialdean, Gaztelan, Ipar Italian…

Zergatik aukeratu zenuten Benitoren Herribera? Musikarengatik? Duen esanahiarengatik?


Hasteko gustatzen zaigulako eta aspaldidanik abesten dugulako zuzenean. Doinua eta hitzak maite ditugu. Moldaketa bat egin nahi genion, eta emanaldietan jendeak asko atsegin du.

“Biok dugu antza, ni naiz zure beharrean”. Musikaren bidez mugak apurtzen saiatzen zarete?


Bai eta bai. Euskaldunen artean hasteko eta mundu osoan. Mundu hobeagoan sinesten jarraitu behar dugu. Mugarik gabe, arrazakeriarik gabe… Musikak jendea biltzen du eta hor dago gure egitekoa.

Where’s the rain, Secret lovers… Antzinako kondairak eta pentsaerak miresten dituzue?


Bai, erromantizismo hori atsegin dugu eta gure irudimena aberasten da giro horiekin. Maiteago dugu, seguru, gure gaurko mundu erosoan bizitzea, baina horrelako kondairekin beste bizi bat amesten dugu; eta amestea oso garrantzitsua da.