Lehen idazkera Sumer-eko kulturan sortu zela ikasi genuen, baina Yussef Majidzadegh arkeologoa buru duen taldearen hipotesiaren arabera, Arattako erresuman sortu ziren lehen idazkiak. Sumeriar testu batek Aratta aipatzen du, baina ez zen haren arrastorik ezagutu Jiroft-en (Iran), aztarnategi oparoa topatu zuten arte. Aurkitutako objektuek K.a. 3400. urtean oso zibilizazio garatua bizi zela diote. Arrasto garrantzitsuenak izkribuak dituzten hiru harrizko taula dira, baina adituek ez dute oraindik zeinu horiek ulertzea lortu. Orain arte, idazkera K.a. 3200. urtean sortu zela uste zen eta, Majidzadegh-en hipotesia baieztatuz gero, 200 urte erantsiko zaizkio lehen idatziari. Baina horretarako ikerketak hainbat oztopo gainditu beharko ditu. Besteak beste, Mendebaldeko museoen lotsagabekeria. Izan ere, 2001ean aztarnategiaren berri eman zuten komunikabideek eta handik aurrera, urtebetez, lapurreta basatia jasan zuen Jiroftek. Ordutik. Irango gobernuak funtsezko bost ale itzultzeko eskatzen dio Parisko Louvre orojaleari.