Mertxikondoaren garunean jar gaitezen: landare osoa pozoitsua egiten du belarjale ugarien bazka erraza izan ez dadin, fruitua ugaltzeko ematen duenez gu bezalako edozein mozolok jatea komeni da barruan daraman hezurdun hazia ederki sakabanatuko dugularik, hezurra hautsi eta barruko hazia, arbendola bailitzan, jateko tentazioa uxatzeko huraxe da landare guztian proportzioan pozoi gehien duen puska! Hagin (Taxus baccata) zaharraren eta beste landare ugariren trikimailu bera. Naturaren etengabeko kaosean guda-taktikak dira landare espezieen iraupen estrategia nagusi, eta guk, tontolapiko babo alaenok, fruituaren gozo usaintxoa nahikoa dugu, zertan ari garenari usainaren arrastorik aditu gabe, ezta hurrenik ere, arerio nagusienetakoa duena laguntzaile onena bilakatzeko.
Mertxikaren azido hau etorri zait ahosabaira sagardian. Sagardotarako egokia, egokiena, zein sagar mota izango ote denaz aritu gara: geza, gezamina, gezagozoa, gazi-geza, gazia, gaxia, gozoa... Dastaketan elkar ezin ulertu ibiliak gara: batek garratza, besteak mikatza, besteak mingotsa, horrek mina, aldamenekoak samina, besteak gazia, hurrenak azidoa... Ahosabaiaren hiztegia jasotzeari lotzen al zaio bateren bat azkar!