«Zaldiak ez daki meta non dagoen, baina bai noiz irabazi duen»

  • Milaka begi begira daude Ioritzek eta bere zaldiak marra bat noiz zapalduko duten. Pasa da. Eta ostatu galdu batean, gizon txiki bixeradun batek ez dela gehiago lanera itzuliko pentsatu du. Bere ondoko adixkide zaharrari begiratu dio gero, txanponak kontatzen ari da, kafea ordaintzeko iristen ote zaion. Eta Ioritzek zaldiari bizkarreko bat eman dio, eta ukuilura sartu du. Munduak lehengo zentzu berean segitzen du itzulika.
Ioritz Mendizabal
Dani Blanco

Google-en ibili naiz Ioritz Mendizabalen bila, eta frantsesezko pila bat erreferentzia atera zaizkit, ingelesezkoak, japonieraz edo txineraz ere bai zerbait, baina euskaraz ezta batere...


Ez larritu, normala da hori. Egunkari batean ateratzen baldin bada niri buruzko erreportaje bat, nire familiak ez beste oso gutxik irakurriko dute. Zaldi lasterketena ez da kirol ezaguna eta jendeari interesatzen zaiona. Euskal Herrian futbolaz hitz egiten da egunero, edo saskibaloiaz, edo pilotaz, beste guztia urruti dago.

Baina kirola ezaguna ez bada ere, euskaldun bat bada ezaguna, fenomeno bat da gugandik nahiko hurbil, eta hemen inork ez daki hori... Futbol amerikarrean euskaldun bat NFLko izarretako bat izango balitz ziur ezagutuko genukeela.


Tira, orain dela hiruzpalau urte gonbidatu ninduen ni Diario Vascok bere kirolaren galara eta horrekin pauso bat eman zuten behintzat, ordura arte zaldien inguruan apenas hitz egiten zen. Eta nire eginak inori Euskal Herrian zaldiei buruzko hizpidea emateko balio izan badu, eta alor hori pixka bat mugitu baldin bada, ontzat ematen dut, eta konformatzen naiz.

Eta Oiartzunen jende asko izango da ez dakiena Ioritz Mendizabal Frantzian zaldun onenetakoa dela.


Gehienak. Eta normala da. Nik hango gauzak utzi egin nituen handik joandakoan, eta orduan logikoa da haiek ere ni uztea. Txikitako lagunak ere bistatik galdu egin ditut.


Gainera, Zubieta esan gazte bati, eta hipodromoa bazter batera ahaztua geratzen da, futbola datorkio gogora.


Bai, errazago joango da Zubietako futbol zelaira. Ni ere futbolean hasi nintzen, denak hasten gara futbolean, ikastolatik atera eta ordu erdi bat baldin bagenuen futbolean ibiltzeko izaten zen, eta Ugaldetxon hasi nintzen talde batean. Pilotan ere ibili nintzen, kirol guztiak praktikatu nituen, baina nik buruan zaldiak nituen.

Nondik jaio zitzaizun gogo hori?


Jaiotzetik ekarriko nuen gogoa, nirea huraxe zen. Aitak bazuen behor pare bat Ultzaman eta horiek hezten ibiltzen zen, aitonak ere beti astoak eduki zituen, eta baserrira joaten ginenean ni beti animalia tartean ibiltzen nintzen. Behiak, astoak, oso gustukoa nuen baserria.

Baina izan zintezkeen, adibidez, baserritarra, eta ez jockey edo ez dakit nola esaten den...


Nik garbi neukan nire gogoa zein zen. Galdetzen zidaten etxean, eta nik beti jockey izan nahi nuela eta jockey izan nahi nuela. Aitak eta amak “pasako zaio” esaten zuten, nerabezaroko haize bat zelakoan, baina ez. Zortzigarren mailara iritsi nintzen, eta ea zer bide hartu nahi nuen galdetu zidaten. Eta nik, haixe zaharra buruan, are indar gehiagoz jotzen zuen gainera, “nik jockey izan nahi dut” esan nien. Orduan serio hartu zuten nire hitza, eta Mont de Marsanera (Frantzia) joan ziren jockeyentzako eskola ikustera. Datu batzuk hartu eta etxera itzuli ziren. Aukera hura jarri zidaten mahai gainean, jockey izan nahi banuen Mont de Marsaneraino joan beharko nuela lagun denak utzita. Eta ni orduantxe kontentu. Dudarik gabe baietz. Nire frantses gutxiarekin eta bakar-bakarrik joan nintzen Mont de Marsanera, hamalau urterekin. Ez zen erraza izan, baina hamalau urterekin pertsona edozertara moldatzen da, eta ez naiz sekula damutu.

Zenbat handi da Frantzian zaldien mundua?


Frantzia mailan enpresa handi bat da zaldi lasterketena, diru izugarri mugitzen da eta horregatik pisu handia du. Egunero jokatzen dira lasterketak, eta mediatikoki plaza handia ematen zaie. Tierceak edo apustuak jokatzen dira, Frantzia guztian herri guztietan dago PMU idatzia daraman taberna bat, eta sekulako jende pilak jokatzen du dirua. Kiniela bezala da, baina egunero-egunero. Frantzia osoan edozein herritan PMU taberna batera sartu eta jendeak zaldi karrerekin egiten ditu apustuak, eta horren ondorioz dezente hitz egiten da zaldiez.

Topikoak dio zaldi lasterketena jende aberaskiloaren kontua dela.


Bai, dirudun handiek kontrolatzen dute zaldien zirkuitua. Eta ni ere nire lanean pertsona aberatsen artean mugitu behar naiz, zaldi jabe handien inguruan, baina momentu batetik aurrera hesi horiek denak erori egiten dira. Azkenean apustuei esker mundu guztiak begiratzen die zaldi lasterketen emaitzei. Eta beste aldera begira jartzen bazara, mundu honen ifrentzua ikusten da, jende pobrea. Apustua pobreen jokoa baita.


Aberatsek asmatua pobreak entretenitzeko, eta bide batez sos pixka bat gehiago kentzeko…


Bai, hala da, jokoa aberatsek pobreei begira sortutakoa da, pobreak amets egin dezan, nahiz eta alferrik izan. Azken batean hori erreakzio humano batean oinarritzen da: diru gutxien duena irabazten eta irabazten saiatzen da, bere bizitzako ametsa beti izango da apustuan diru dezente irabaztea.


Eta azkenean kaka…


Tira, ez dizut gezurrik esango, apustuetan jendeak diru dezente irabazten du, baina gauza denetan bezala, gehiagok du galtzen.

Sistemak izan ezik.


Bai, jakina, sistema irabazteko egina dago, eta ez du hutsik egiten. Diru dezente banatzen du, baina oso ongi pentsatua dago azkenean diru hori berriz ere lasterketetan inbertitzeko, eta zaldien munduak ondo segitzeko aurrera.

Alegia, esaera zaharrek beti arrazoi, jokoa ez dela errenta.


Ez, ez da. Badakit, eta nik ez dut jokatzen, ez nau batere tentatzen. Behin bakarrik jokatu nuen. Lagun batek esan zidan bere zaldiak kristoren aukerak zituela, diru puska bat jarri nuen, jokatu, eta galdu egin nuen. Eta orduan, “hau ez dago niretzat egina” pentsatu, eta ez dut harrezkero jokatu. Irabazi izan banu oso erraza zela pentsatuko nuen eta berriro hasiko nintzatekeen, beraz eskerrak eman behar dizkiot zorteari egun hartan galtze aldera atera zelako. Biak galdu nituen, sosa eta jokatzeko gogoa.

Baina jendeak jokatzea komeni zaizue zuei.


Bai, jendeak jokatzen ez badu lasterketarik ez baita antolatuko. Baina nahiko lasai nago ni, jokatzeko ohitura ez da galtzen ari, eta urterik urte badirudi jendeak gero eta gehiago jokatzen duela. Ez dut pentsatzen Ameriketan zestarekin gertatu zena gertatuko denik. PMU herri guztietan dago, eta badirudi ez dela jokorako afiziorik galdu.

Euskal Herrian ere beti egon da apusturako zaletasuna. Herri kirolen historia apustuek idatzia da, eta ez dira gutxi izan tongoak eta halakoak... Zalditan ere gertatzen da hori?


Hemen ez da holakorik gertatzen. Orain dela urte dezente bai, izan ziren iskanbilak, eta jendea tranpan harrapatu zuten, baina behin abisu hori jasota, oso zorrotz kontrolatzen da orain jockeyen ingurua. Lasterketa baino lehen eta lasterketa bitartean oso kontrolatuta egoten gara, karrera guziak grabatzen dira, eta polizia bat ere propio jartzen digute gu zaintzeko, gu kontrolatzeko.

Nola sentitzen da norbera apustugai denean?


Ni ez nau horrek batere hunkitzen, ez zait axola, gu gure burbuilan sartuak gaude, eta apustua beste mundu bat da. Hasieran jende askok eta edozeinek deitzen zidan jakiteko “gaur zenbat aukera dituzu irabazteko?”. Eta jende guztiari berdina esaten nion, “ez dakit, ez dakit”, ez dut sartu nahi izan inguru horretan.

Diru asko mugitzen da zuek zaretela eta, baina jockeyak berak ondo irabazten du?


Bai, nahiko ondo, baina horri dedikazio osoa eskainita. Eta gainera ez dago kontratu finkorik, eta zure irabazi bide guztia dago urte horretan irabazi dituzun lasterketen arabera. Orain dela hiru urte sekulako urtea izan nuen, 220 lasterketa irabazi nituen. Baina hurrengo urtean hiru aldiz erori nintzen zaldi gainetik, eta urte osoa min hartuta pasa nuen. Ezer irabazi ez, eta urte dena eman nuen zergak ordaintzen.

Dedikazio osoa esan duzu, zenbat da hori?


Asko. Udaran entrenamenduetan goizeko bostetan hasten gara eta eguerdiko hamabitan bukatzen dugu, gero lasterketetara joan behar duena joan egiten da, eta besteek arratsaldean berriz ere zaldi gainean ibiltzera etorri behar dute. Nik batzuetan goizeko bostetan jaiki eta lehenengo bi loteak egiten ditut zazpietara bitarte, eta gero autoa hartu eta lasterketetara joaten naiz.

Bostetan jaiki? Ezta baserritarra izan bazina ere!


Beharko! Guri begira baino gehiago zaldiei begira egindako entrenamenduak izaten dira. Paueko ukuiluetan berrehun eta hogei zaldi daude, eta horiek denak, igandeetan izan ezik, egunero-egunero atera behar dira entrenatzera. Zaldia kirolari bat baita, eta bere eguneroko saioa egin behar du. Gero hogeita bi ordu eta erdi ukuiluan itxita pasako ditu, beraz egunero ordu eta erdi bat eskaini behar zaio bakoitzari. Eta hemen, goizetan, bakoitzak lau zaldi ateratzen ditugu.

Nik uste nuen jockey izateko aski zela ihar samar gelditzea eta lasterketa garaian burua pixka bat makurtzea…


Hein batean bai, baina hori ez da hain erraza. Nik 1,70 zentimetro neurtzen dut, eta 53,5 kilo pisatu, ondo nago jockey izateko. Baina aukeran altu samarra naiz, nire lankide denak ni baino txikiagoak dira. Beraz gorpuzkerari eustea da guretzat garrantzitsuena. Udaran ahal dudan guztian igerian ere ibiltzen naiz, baina orain, lasterketak direla eta ez daukat ia denborarik. Neguan astebete edo hamar eguneko oporrak hartuko ditut, eta gero berriz sasoian jartzeko korrika ibiliko naiz. Baina kirol gehiegi egitea ere ez da komeni muskulua hartzen baita, eta muskuluak koipeak baino gehiago pisatzen du. Ez dirudi hala, baina lasterketan oso esfortzu gogorra egiten dugu, postura artifizial batean baikoaz zaldi gainean makurtuta, eta horrek arnasbidea moztu egiten du. Urpekaritza egiten dutenek bezala gutxi gehiago apne moduan mantendu behar dugu bi minutu inguruan, arnas pixka bat hartuz, baina oso gutxi. Eta arazoa da esfortzu hori lantzen duen kirol propiorik ez dagoela, eta ez dago beste alternatibarik. Zaldi gainean ibili behar da.

Zein dieta izaten duzu?


Lasterketak ditugunean bi otordu egiten ditut, goizean gosaria eta gauean afaria. Lasterketa tartean agian sagar bat edo beste, edo neguan mandarinak, garaian garaiko fruta. Fruta asko jaten dut, eta barazkiak ere bai. Lasterketarik ez dugunean, aldiz, eguerdian entsalada pixka bat ere jaten dut. Gero te bat eta txokolate dezente.

Idiak min eta gurdiak karranka esaten da baserritan. Hipodromoetan ere berdintsu da, zaldiak min eta jockeyak irrintzi.
Bai, hala da, eta ez da normala. Lasterketa bat irabaztearen merituaren %70a zaldiarena da, guk ez dugu %30ean baino eragiten.

Bizitza erdia berekin konpartitzen duzunez gero, nola begiratzen diozu zuk zaldiari?


Lagun bati bezala. Baina zaldiak pertsonak bezalakoak dira, denak ezberdinak. Ez daude bi berdin, eta zaldi gainera igotzen zaren bakoitzean zaldiak ezberdin hartzen zaitu zu. Eta jabetzen zara askoz ere gusturago egoten zarela zaldi baten gainean beste baten gainean baino. Batzuekin afinitate gehiago edukitzen da. Eta berak ere nabaritu egiten du hori. Zaldiak segituan antzematen du bere gaineko pertsona beldurrez dagoen, konfiantzan dagoen, edo disgustura dagoen.


Nork aukeratzen du zuk lasterketan zein zaldi izango duzun?


Guri entrenatzaileek deitzen digute halako edo holako lasterketetarako beraien zaldi bat eskainiz, eta guk ahal badugu baietz esango diogu, eta beste hipodromo baterako beste entrenatzaile batek kontratatu bagaitu, ba ezetz. Entrenatzaileek dirudun handientzat egiten dute lana, zaldi jabe handientzat, eta bakoitzak gutxi gora behera berrogeita hamar zaldi edo izaten ditu. Zaldi bakoitzak hilabetean behin bakarrik korritzen du, eta jakina, jockeyrik onenak nahi izaten dituzte. Beraz entrenatzaile horiek dira guri deitzen digutenak lasterketatan beraien zaldi bat erabiltzeko proposatuz. Horrek esan nahi du oso denbora gutxi dugula zaldia ezagutzeko. Paddockean zaldiaren entrenatzailearekin elkartzen gara, eta gero zaldiaren gainean jartzen gara. Beroketa egitera joan, eta denbora tartetxo horixe baino ez da zaldiarekin komunikatzeko eta bat egiteko duguna.

Irabaziak nola banatzen dira gero?


Sariaren %7a jockeyaren eskuetara joaten da, guretzat alegia, %14a entrenatzailearentzat izaten da, eta beste guztia zaldi jabearentzako, hala izaten da banaketa ofiziala eta oso zorrotz eramaten da.

Zaldia bera jabetzen da irabazten edo galtzen duenean?


Bai, dudarik gabe. Zaldiak ez du jakiten non egoten den meta, sekula ez diogu esplikatu halako lekuraino iritsi behar duela, baina bera jabetzen da noiz irabazi duen eta noiz ez.

Ondorengo umorean ere antzematen zaio?


Zaldiaren sentimenduez ukuilura iristean konturatzen gara. Ukuilura sartu eta handik ordubetera edo bi ordura zer sintoma izaten dituen begiratu behar zaio, jaten ote duen, ez duen, txoko batean gorderik triste ote dagoen… Zaldi bat ukuiluan, boxean, ezkutatua eta kanpora bururik atera nahi ez duela baldin badago ez da seinale ona izaten. Galdu eta gero gelditzen dira hola. Aldiz ikusten baduzu zaldia burua leihotik aterata dagoela, besteri bere burua erakusten, zaldia egun horretan egin duenarekin harro dagoela esan nahi du.

Zaldiak hitz egiten jakingo balu zer esango luke?


Utzi bakean, mesedez.

Zaldiari galdetuko balitzaio Ioritz nolako jockeya den?


Ni jockey onena ez naiz izango beharbada, baina bai maitekorrena. Jockey denek ez ditugu berdin tratatzen zaldiak, batzuk gogorragoak dira. Nire ustez bi jockey klase izaten dira, batzuk lehiatzea maite dute lehenik, eta bigarrenik zaldiak. Beste batzuk zaldiak maite ditugu denaren gainetik, eta horren ondoren dator zaldiekin lehiatzea. Denaren gainetik zaldia maite dugunok maitekiroago tratatzen ditugu.

Zenbat eta gehiago jo orduan eta azkarrago joaten da zaldia?


Ez bortxaz. Batzuek fustearekin funtzionatzen dute eta beste batzuek ez. Oso erraza da jakiten hori. Zuk kolpe eder bat ematen baldin badiozu eta ongi erreakzionatzen badu seinale fustearekin funtzionatzen duen zaldia dela, bestela ez, alferrik joko duzu. Baina kolpeak mugatuak izaten dira, lasterketa bakoitzean ezin dugu zortzi aldiz baino gehiagotan jo zaldia. Dena den, jakin behar da, berez, pura sangre bati korritzea gustatzen zaiola, baina guk beraiei gustatzen zaiena baino pixka bat gehiago bultzatzen ditugu. Zaldi batek muga bat izaten du, eta gu saiatzen gara beren muga baino pixka bat urrutirago eramaten, horregatik behar izaten ditu gero zaldiak hiru aste karrera batetik bestera ondo errekuperatzeko.

Nola eramaten da zaldia bere mugatik harago?


Hori da jockey onaren eta erdipurdikoaren arteko diferentzia. Jockeyak zaldia errespetatu egin behar du lehenik, eta horrek esan nahi du zaldiak korrika egin bitartean arnasa ongi hartu behar duela. Jockey onak hori lortzen du, zaldia aldi berean azkar eta ongi arnastuz, ongi oxigenatuz eramatea. Horrek esan nahi du, azkar eta lasai joan behar duela zaldiak. Hala doanean, seinale gainean doana ere ez dela aldrebesa.

Zaldiaren psikologia estudiatua izango duzu honezkero…


Zerbait ikasten dugu guk ere ibilian-ibilian, eta adibidez badakit zaldi batentzat lehenengo lasterketa izugarri garrantzitsua izaten dela. Horrek baldintzatuko dio ondorena. Lehenengo lasterketan zaldi batek fuste kolpe asko eta paliza handia jaso badu, hurrengoan, lehen egun hartako goizean igo zen kamioia erakutsi iezaiozu, eta ez du sartu nahiko. Zaldi batek memoria izugarria du, eta horrekin funtzionatzen du. Denaz gogoratzen da. Guk urtean zehar ehunka zaldi pasatzen ditugu, eta haiek ere jockey bat baino gehiago bai. Baina zu behin igo baldin bazara zaldi baten gainera, handik urte batzuetara itzuli zaitez, igo, eta ezagutu egingo zaitu.

ASTEKARIA
2007ko urriaren 14a
Azoka
Azkenak
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Eguneraketa berriak daude