argia.eus
INPRIMATU
Talaiak
Joxemari Ostolaza 2007ko urriaren 14a
Joxemari Ostolaza
Argitzen doazkigu. EAJren Alderdi Eguna alderdiena bilakatu zuten hizlariek. Josu Jonek argi utzi zuen lehenago Bartzelonan esandakoa: botorik gabeko politikoa bezerorik gabeko entrepresa da. Ironikoki botatakoa Katalunian kopetilun Euskadin, komunikazio arauek aginduta. Eta garai bateko Arzallusen salaketa hura, mitxelinena, ukatu nahi izan zuen bere jardunean. Gainkargaz baino gurpilez ari ote zen ez dut argi. Izan ere, Josu Joni ulertu diodanez, bere ustez EAJ atzeko trakzioko sisteman tradizio-motorea doala dirudi, eta aurreko gurpilak atzekoen mende dauzkala. Eta berak alderantziz nahiko lituzke. Aurrekoak nagusi. Ez dirudi zuzendaritzako ingeniariek aldaketa hori onartu diotenik eta bolido berean Alonso eta Hamilton ematea bezalakoxea jo dute Josu Jonen asmoa. Ibarretxek bere aspaldiko alternatiba zehaztu du eta momentuz badirudi gurpilik gabeko ibilgailuan dabilela: tiobibo-manexen antzera lekualdatze barik bueltaka, motorearen indarrari norabidea emateko laguntza bila. Auzoa behar du erakarri eta etxeko tiobibo-manexari Azkunaren erresistentzia arindu, zorabiatu ez dadin, eta bitartean guztia atzekoz aurrera jarri nahiko lizkioketen aurkakoen ahaleginak eragotzi.