Kolpez kolpe... eta Moncloak gehiago iragarri du

  • Tituluak dioena beteko ez balitz hobe, baina Moncloako bozgorailuek beste asko izango direla diote. Zenbat? Batasuna eta beste erakunde batzuetako zuzendaritzak, eskualdetakoak, herrietakoak... Batasuneko adina partaide ote ditu ETAk? Putzua urik gabe uztearen polizi teoria da eta PSOEk gogor astinduko du.
Ezker abertzalean ardurak dituzten eta izan dituzten pertsona ugari Eusko Gudariak abesten Donostian egindako agerraldian
Batasunaren Mahai Nazionalaren aurkako polizi operazioak gogor astindu du euskal politika. Su-etenaren hausturaren ondoren, Arnaldo Otegi eta ezker abertzaleko beste zenbait buruzagiren atxiloketak –Juan Mari Olano, Joseba Alvarez, Oihana Agirre...–, PSOEren Gobernuak finkatutako bide-orri berriaren adierazle izan ziren. Eraso berri honen ondorio humanoak: 23 atxiloketa eta horietatik 17 pertsona espetxeratuak, gehienak ETAko kide izatearen akusaziopean eta zigor gogorrak bizkarreratzeko arriskupean. Duela 10 urte surrealismoa zena –HBko Mahai Nazionalaren espetxeratzea– gaur egun ohiko bihurtu da.

Operazioaren itzulpen politikoa argia da: ez zaie arnasik hartzen utziko ez Batasunari ezta ezker abertzaleko beste erakunde batzuei ere. Baltasar Garzon epaile izarra erabili du berriz Gobernuak eta beste edozein izango da hurrengoan.

Hedabideen iragarpena

Komunikabideak ere iragartzen ari ziren errepresio kolpe berriak, hilaren 1ean Publiko egunkariak zioenez, martxoko hauteskunde orokorren aurretik Batasuneko zuzendaritza espetxean egon liteke. Atxiloketen biharamunean, halaber, egunkari bereko kazetari Fernando Gareak ETAren aurkako borrokan Gobernuak hiru ardatz erabiliko dituela zioen: bat, Batasunaren aurkako neurriak; bi, euskal preso politikoen aurkakoak; eta hiru, EAE-ANVren jarduna gertutik jarraitzea, eta Batasunarekin harremanak ikusiz gero legez kanpo uzteko ekimena bultzatzea. Garea El Mundo-tik heldu da egunkari berrira eta bere albiste eta erreportaiek Pedrojota-renean ere polizi iturriekin harreman zuzena eta estua zuela erakusten zuten.

Joan den igandean El Pais-ek zioenez, Espainiako fiskaltzak tinkotasunez ekingo dio “ETAren fronte politikoaren aurka” eta horretarako oraindik aske diren Batasuneko buruzagiak atxilotzen saiatuko da. Egunkari honetan ere presoen aurkako neurriak iragartzen dira, ETArekiko ei duten menpekotasuna txikitzeko eta presoek erakunde armatutik aldentzeko aukera izan dezaten.

Batzuetan zaila da pentsatzea espetxe politikan neurri gogorragorik har daitekeen ere, baina denborak erakusten du baietz. 80ko hamarkadan hasi zen sakabanaketa politika eta harrezkero beste neurri ugari ere hartu dira, baina horietako esanguratsuenak mende berrikoak dira. 2003an Jose Maria Aznarren Gobernuak 40 urteko espetxe zigorrari ireki zizkion ateak, erredentziorik gabekoak, osorik bete beharrekoak. 2006an, su-etenaren atarian, Espainiako Auzitegi Gorenak Parot doktrina jarri zuen abian, kaleratzear ziren preso ugarik 30 urteko zigorra osorik bete zezaten.

ANVri dagokionez, ez da zalantza handirik Espainiako Gobernuak eta judikaturak eginahalak egingo dituztela euskal alderdi zaharra legez kanpo uzteko. Beste horrenbeste gertatzen da EHAKrekin. Hilaren 5ean alderdi honen Donostiako Belartzako egoitzaren miaketa zorrotza egin zuen Polizia Nazionalak eta nahi diren ondorioak ateratzera lagunduko duen dokumentazio ugari atzeman ere bai.

Honen guztiaren arabera, asko lirateke oraindik espetxeratze arriskupean diren pertsonak, besteak beste oraindik aske diren Batasuneko Mahai Nazionaleko zenbait kide: Pernando Barrena, Marije Fullaondo, Jone Goirizelaia, Karmelo Landa... Alderdien Legeak dena estaltzen du juridikoki, baina Euskal Herrian bederen, oso garbi dago hau ez dela arazo juridikoa, politikoa baizik. Hala ere, politikari asko zuhur mintzatzen da balorazioetan, operazio hauekin kritiko bai, baina “ikusi beharko da autoak zer dioen...” eta gisakoak esanez. Ibarretxe lehendakariaren herri galdeketaren asmoa ere eremu juridikora eraman dute PP eta PSOEk irtenbiderik ez duela adierazteko.

Euskal Herrian gehiengo oso handiak argi dauka operazio hauen izaera politikoa. Espainia aldean, ostera, oso bestelako ikuspuntua dago zabaldua eta han bai, euskal auzia eta ETAren aurkako borroka hautesleen fidelizazio programen lehen puntuetan da. Hauteskundeen klabea, beraz, funtsezkoa da Batasunaren aurkako operazioaren oraingo arrazoietan arakatzeko.

Zergatik orain?

Su-eten haustura bakoitzaren ondorenak ekarri du Estatuaren errepresioaren gogortzea, bai ETArekiko eta baita ezker abertzalearen inguruan egituratzen diren gainerako indarren aurka ere. Aljerreko negoziazioen ondoren, Ajuria Eneko Itunak ezker abertzalearen aurkako isolamendu politiko-soziala elikatu zuen, gizarte mailan enfrentamendu latza bultzatuz baina gatazka politikoa are gehiago kateatuz.

Lizarra-Garaziko su-etenaren ondoren ekin zitzaion Batasunaren ilegalizazioari, ETAren putzua urik gabe uzteko polizi teoriak inoiz baino gogorrago astinduz. Ezker abertzale inguruko pertsona eta erakunde asko harrapatu ditu Estatuak “dena da ETA” deituriko sarean, milaka euskal herritarren eskubide politiko eta zibilak hankaz gora utziz. Euskal Herritik begiratuta, Espainiaren legitimazio demokratikoak arazo asko izan ditu azken 30 urteetan; giza eskubideen ikuspegitik, ezker abertzalearen adar politikoaren aurkako erasoak gero eta gogorragoak, orduan eta ahulago zuzenbide estatuaren izaera. Demokrazia totalitarioaren kutsua gero eta handiagoa da.

Azken bake prozesuaren porrotak bide horren jarraipena areagotu du.

Ez da zalantzarik su-etenaren hausturaren ondorio dela operazioa, baina beste arrazoi batzuen indarra ezin da gutxietsi, horietan esanguratsuena martxoko Espainiako hauteskunde orokorrak. PSOEren eta PPren arteko lehia estuaren aurrean, Zapaterok PP bezain gogorra dela helarazi nahi die Espainiako herritarrei.

Eta orduan, airean dagoen galdera zera da, ea Zapatero zintzotasunez aritu den ETArekiko negoziazio prozesuan, edo besterik gabe, prozesua ezker abertzalea eta erakunde armatua ahultzeko tresna gisa erabili nahi izan duen. Gatazkari elkarrizketaren bidez aurre egin nahi dion edonork mahai gainean beti izango duen zalantza da, eta erantzunaren aztarnak prozesuan zehar ikusi ahal izango badira ere, benetako erantzuna ez da prozesuaren amaiera arte ezagutuko.

Izan da baita ere, polizi ekimena Ibarretxeren herri galdeketarekin lotu duenik, hainbat hari ukituz gainera. Hilaren 6an Iñaki Iriondok Gara-n idatzitakoaren arabera, Madrilek egurra eskainiko duen bitartean, Ibarretxek azenarioa luzatuko du galdeketa proposamenarekin: “Ez diot Lakua eta Madril ados jarri direnik, baina gertakizunen abiada horixe da”.
Zurrunbiloaren errepikapena bizitzen ari gara, gatazkaren noriak biraka jarraitzen du, ohi moduan. Orain ETAren txanda da, hori dio gidoiak.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude