argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2007ko urriaren 14a

Aitor Aranaren Hilezkorrak eleberriak irabazi du Baporea Literatur Saria. Liburuak XXV. mendera darama irakurlea, gizateriak hilezkortasuna eskuratu duen garaira. Oihanean bizi diren indio bakar batzuk soilik dute hilkortasun-genea. Herritar multzo bat, betiko bizitzeaz gogaituta, indio horien bila abiatuko da, hiltzeko eskubidearen alde borrokatzeko asmoz.

 

Garik azaroaren 16an aurkeztuko du Esperantzara Kondenatua (Elkar) bere bosgarren diskoa, Gasteizko People aretoan. Musikari legazpiarraren disko berriaren inguruko argazkiak, bideoak, albisteak eta bestelakoak www.gari.tv web gunean aurki ditzakezue.

 
 

Clemente Bernad argazkilari iruindarrak Malikaren ametsa erakusketa paratu du Iruñeko Contraluz galerian. Malika Laaroussik 22 urte zituen Motrilgo (Granada) hondartzan bere gorpua patera baten alboan aurkitu zutenean. Hilaren 31 arte izango da ikusgai erakusketa.

 

Patricia Piccini artista australiarraren 40 obraz osatutako erakusketa jarri dute ikusgai Gasteizko Artium museoan, Izaki (samurrak) izenburupean. Zientziaren eta naturaren arteko harremana du ardatz Picciniren bildumak, gizakiak naturarengan duen eragina. Eskulturak, marrazkiak, argazkiak eta bideo instalazioak ekarri ditu artistak Gasteizera. Erakusketa 2008ko urtarrilaren 27a arte izango da zabalik.

 
 

Gilbert Varga eta Cristian Mandeal Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (EOS) zuzendarien azken denboraldia izango da aurtengoa. Vargak hamar urte eman ditu EOSen eta Mandealek zazpi. Orkestra Sinfonikoaren 2007-2008 denboraldia pasa den astean hasi zen, Arcadi Volodos piano-jotzaile errusiarrak Gasteizen eskaini zuen kontzertuarekin.