Iñigo Azkona
II
Gaur egun gauza asko galtzen da
ematen ez duen arren,
zapatak, lotsa, partidak, lana
eta hainbat poltsa-barren.
Ibarretxeren lagunak ere
badatoz aurrenez hurren
eta guztia galderatxo bat
egin nahi izatearren!
III
Ezker aldean pila bat udal,
zinegotzi eta kargu,
eskuin aldean, ordea, ez zait
galdutakorik azaldu
“Zapateroren hauteskundeak”
dion etiketa salbu...
dirudienez patuak jada
erreserba egina du.
IV
Apal hau ondo zainduta dago,
dena da segurtasuna,
hemen baitago erregai oso
arriskutsuen bilduma:
TNTa, titadinea,
goma dos karga astuna,
bolbora eta Erregearen
erretratuen albuma.
V
Pazientziaz azkar bete zen
gure biltegi itzela,
emakumeen eskubideez
sotoa eta jangela:
uste dut hoiek ni heltzerako
hemen galduta zeudela,
hain zuzen ere horko Otegiren
ziegako giltzak bezela.
VI
Ez dakit inork gauzak galtzeko
gogo berezirik duen,
ohartu gabe gauza ugari
galdu ohi dira bederen,
eta lekurik sobera nola
oraingoz ez dugun hemen,
orrialdea pasa ezazu
denbora galdu baino lehen.
Doinua: “Amerikatik buelta eginda” edo “Ume eder bat ikusi nuen”