Galdutako objektuen bulegariak jarriak

  • I

    Hiru uharte, hamaika ardi,
    hamar playboyren agendak,
    Athleticaren berrogei puntu,
    Errealaren maila bat,
    hamar taxista, hogei erloju,
    gomutak, bake-aukerak,
    horrelakoak izaten dira
    gaur eguneko galerak.
Xabier Paya
Iñigo Azkona
II

Gaur egun gauza asko galtzen da
ematen ez duen arren,
zapatak, lotsa, partidak, lana
eta hainbat poltsa-barren.
Ibarretxeren lagunak ere
badatoz aurrenez hurren
eta guztia galderatxo bat
egin nahi izatearren!


III

Ezker aldean pila bat udal,
zinegotzi eta kargu,
eskuin aldean, ordea, ez zait
galdutakorik azaldu
“Zapateroren hauteskundeak”
dion etiketa salbu...
dirudienez patuak jada
erreserba egina du.


IV

Apal hau ondo zainduta dago,
dena da segurtasuna,
hemen baitago erregai oso
arriskutsuen bilduma:
TNTa, titadinea,
goma dos karga astuna,
bolbora eta Erregearen
erretratuen albuma.


V

Pazientziaz azkar bete zen
gure biltegi itzela,
emakumeen eskubideez
sotoa eta jangela:
uste dut hoiek ni heltzerako
hemen galduta zeudela,
hain zuzen ere horko Otegiren
ziegako giltzak bezela.


VI

Ez dakit inork gauzak galtzeko
gogo berezirik duen,
ohartu gabe gauza ugari
galdu ohi dira bederen,
eta lekurik sobera nola
oraingoz ez dugun hemen,
orrialdea pasa ezazu
denbora galdu baino lehen.

Doinua:  “Amerikatik buelta eginda” edo “Ume eder bat ikusi nuen”

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argiako Bertso jarriak
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


Xanti Zabalari omenaldia martxoaren 16an
Bertso idatziei ahotsa emateko garaia

2019-03-03 | Miren Osa Galdona
Zeruko Argia eta ARGIAko bertso jarriak
Xanti Zabala "Lexo"ren emaria

2014-01-19 | Imanol Lazkano
Basarriren mendeurrenean
Doinua: Ari naizela

 

Bertsolaritza zeraman bere
bihotz eta bekokian
berrikuntza bat behar zuela
ere berak bazekian.
Ostatuetan jaio zen hura
txertatuaz antzokian
urrats berririk eman ez balitz
norabide... [+]

Eguneraketa berriak daude