Joan Ignazio Abrisketak eta Alfontso Mtz. Lizarduikoak maiz entzuten den galdera bati erantzuna aurkitzen ahalegintzeko asmoz osatu dute Euskaldunen jatorria populazioen genetikaren argitan liburua. Nondik sortu ziren euskaldunak? Horixe da galdera. Gaur egungo paleoantropologiak, populazioen genetikak, paleohizkuntzalaritzak eta mitologia konparatuak jatorri horren gaineko datu berri eta esanguratsuak eskaini dituzte. Eta horietatik ondorioztatzen da euskal jendea lekuko zuzena eta aktiboa izan dela, duela 40.000 urtetik honantz, jatorrizko Europaren sorreran, eraldaketan eta desagerpenean. Hau da, Afrikatik abiatu eta Europan zehar ibili ziren lehen sapiensen enbor bereko sustrai sakonak dituen jatorrizko herria dela.