argia.eus
INPRIMATU
Zubiaz bestaldera
Jon Torner Zabala @jtorner 2007ko urriaren 07a
Urrian hainbat kultur ekitaldi izango da Bilboko San Francisco auzoan. Mesedeetako Zubiaz bestaldera dauden kaleen eta gainerako auzoen arteko komunikazioa sustatzea du xede Bilboko Udalak prestatutako egitarauak. Hain justu, Zubiaz bestaldera izeneko argazki erakusketa izango da ekimenaren ardatza. Txema Franco, Ignacio Saez, Felipe Uribarri eta Jaime Gartzia artista bilbotarren obrak izango dira ikusgai Erreprodukzioen Museoan, urriaren 21a arte. Hitzaldiek, bisitaldi gidatuek, kros lasterketak, mural pintaketak eta doako kontzertuek osatuko dute egitaraua. Lehenengo kontzertua The Sunday Drivers (argazkian) eta Smile taldeek eskainiko dute urriaren 13an Bilborock aretoan. Bigarrena Thc eta The Matt Harding Project taldeek, urriaren 20an. Gainera, Erreprodukzioen Museoan DJak arituko dira eta Mariaren bihotza plazan musika brasildar eta afrikarraz gozatzeko aukera izango da.