Vietnamen dioxina zuhaitzak landatuz borrokatzen da

  • Gerrako abioi batek bere hegadan pozoia zabalduta milioika urteko oihana kixkali dezake eta dioxina-ihintzez bustitako herritarren haurrak malformaziorik gogorrenetara kondenatu. Vietnamen ikusten da. Orain, landareak birlandatuz ahal bezala xamurtu nahi lirateke izurriaren orbain batzuk.
Phung Tuu Boi aditua eta dioxinaz kutsatutako eremu bat
Erretratu txikian Phung Tuu Boi aditu vietnamdarra kazetariei erakusten ari zaie dioxinak kutsatutako eremu bat eta hori oihanez birlandatzeko antolatu duten sistema. Argazki handian, Christie Aschwanden kazetaria eta bere ekipoko kide bat Vietnamgo A Luoi bailarako Dong Son herrixkan, bertako umez inguratuta. Haurrotako batzuek jaiotzatik dakartzate gurasoek gerra denboran arnastu zuten Agent Orange pozoiak eragindako gaixotasunak, eta denek segitzen dute dioxinaz kutsaturiko barazkiak eta haragia jaten. Hanoiko eta Washingtongo gobernuak tratutan ari ziren, laguntzak hitzartu nahian gerran amerikarrek jaurtitako pozoi kimikoek kaltetuentzako; baina porrot egin du ahalegin horrek.
Phung Tuu Boi jauna kazetariekin hurbildu da lerroan landatutako zuhaixka arantzatsuetara. Handik metro gutxira, behi bat lasai ari da alhatzen esmeralda koloreko belarretan. Vietnamgo erdi aldeko muinoetan gaude. Taldea gidatzen duen Boi basozaina da eta Hanoin dagoen Natura Kontserbatzeko eta Komunitatea Garatzeko Laguntza Zentroaren zuzendaria. Behiari begiratuz esan die lagunei: “Ikusi hori? Oso-oso gaizki”.

Behia gaixorik dago, hankapeko lokatza dioxinaz kutsatuta dagoelako. Vietnamgo gerra garaian hilabete batzuetan hegazkin amerikarren basea egon zen parajeotan, eta militarrak aspaldi joan ziren arren bertan geratu da hemengo biltegietan eduki eta inguruetan parrastan bota zuten Agent Orange famatuaren dioxina.

Christie Aschwanden kazetariak kontatu nahi zuen vietnamdarrek nola borrokatzen duten oraindik amerikarrek oihana garbitzeko erabili zuten pozoiaren ondorioen kontra. Pulitzer Center Crisis Reporting web gunean erakusten ditu horri buruzko bideoak, dokumental hunkigarriak. Idatzizko erreportajea International Herald Tribune egunkarian plazaratu du, eta honetan aurkeztu du Phung Tuu Boi, Hanoitik urrun pozoiketaren ondorioei ahal bezala adabakiak ipintzen saiatzen den gizona.

Boi 1975ean hasi zen gai honetan lanean. Orduan aurkitu zuen A Luoi bailara, gerra denboran A Shau deitu zutena. Haranotan pako, ta oi, katu eta kinh etnietako jendea bizi da, oihanetako herriak, Vietnamgo kultura nagusiak oraindik asimilatu gabeak. Tribuotako jendeak gela bakarreko etxolatan bizi dira, ez iturri eta ez komun, ortu txiki batzuek eta basoak ematen dietenetik.

Botanikoa da ikasketaz Boi, eta naturak –oihaneko landareek eta animaliek– jasandako kalteez okupatzera iritsi zen. Laster ohartu zen basoko zuhaitz, tigre eta elefanteentzako bezain garrantzitsua izan zitekeela bere laguntza bertako herritarrentzako.

Gerra garaian amerikarrek hegazkinetatik ihintza moduan zabaldu zuten arboladiaren gainean Agent Orange famatua, hostoak ihartu eta zuhaitzak galtzeko. Landaredia suntsitutakoan, montzoiek ekarritako euriteek zoruari lur geruza eraman zioten eta babesik bezala janaririk gabe utzi. Ondoren, belar gaiztoak nagusitu ziren denetan, eta zuhaiztiaren berreskuratzea eragotzi. Milaka hektarea daude horrela hondaturik Vietnamen, gerratetik.

Boik basoa berreskuratzeko prozesu luzea abiarazteko, akazia australiarra hautatu zuen. Akazia hau urtean pare bat metro luzatzen da eta bost urteren buruan moztu daiteke papera egiteko edo altzaritarako. Era berean, zuhaitz honek zorua aberasten du eta beste arbolei sustraitzeko behar duten egitura ematen die. Akazia landatu eta urte gutxira, nekazariak saltzeko moduan dira.
Lur goseak maite ditu eta aldi berean belar txarrei lekua kentzen die.

Australian ia 1.000 akazia espezie dago, eta kazetariak ez digu argitu zein aukeratu zuen Phung Tuu Boik. Dakiguna da akazia xume honekin Vietnamgo milaka hektarea soildu birlandatu dituztela bere agindupean. Baina dioxinak utzi ditu soiluneak baino askoz arazo larriagoak Vietnamgo zelaietan.

Pozoia arantzaz inguratu

Amerikarrek Agent Orange oihanak ihinztatzeko erabili bazuten, askoz kopuru handiagotan geratu zen pilaturik Indotxinako puntu askotan. Mendebaldean jasangarritzat jotzen dena halako 200 dioxina unitate metatzen dira gune horietan, Boik behia “oso-oso gaizki” dagoela esan duena bezalakoetan. Dioxina edo PCDD (polychlorinated dibenzodioxins ingelesez) hori elikadura zorutik belarretan barrena behiaren haragiraino eta elikadura kate osoraino dago zabalduta inguruotan.

Dioxinaz betetako guneok garbitzea milaka milioi dolar kostako litzateke. Holakoak teorian baino ez dira planteatzen, zeren eta gauzatzen hasterakoan orain artean AEBetako eta Vietnamgo Gobernua ez baitira analisi orokorrean ere ados jarri. Pozoia suntsitu ezinean, gune arriskutsuenak hesitzea nahiko lukete gutxienez lortu, eta hori ere ez da beti erraza. Kutsadura ikusezina denez, eta herritarren beharrak handiak, zaila da pertsonak bezala abereak belaze horietatik aparte atxikitzea.

Eremu pozoituenak hesitzeko ahaleginak ez du arrakastarik lortu. Ez ikusi, ez usaindu eta dastatzez ere nabarmendu ezin daitekeen dioxina etengabe iristen da animalien okel eta gantzetara, eta baita mandioka bezalako landareetara ere. Azkenean, inguruotako herritarren odoletan eta haurrak edoskitzen ari diren emakumeen bularrean dioxina kopuru handitan aurkitu dute ikertzaileek.

Kazetariek Dong Son herrixkako alkatea aurkitu dute, eta honek esan die bertako 240 familietatik 60 daudela TCDDagatik gaixorik. Horietan badira haurrak zango edo beso okerrez sortu direnak, edo jaiotzetik sorrak, edo kantzerra edo diabetesa dauzkatenak, atzeratuak... Beren soinetan edo mundura ekarri dituzten haurretan eritasun ikaragarriak nozitzen dituzten lekukoak erakutsi dizkigu Christie Aschwanden kazetariak Pulitzer Center Crisis Reporting web gunean.

Dioxina garbitzea lortu ezinik, Phung Tuu Boi basozainburuak hesitzea da epe laburrean lortu nahi duen konponbidea. Hau da: ez animaliek eta ez pertsonek zeharkatu nahiko ez duten hesi arantzatsua landatu, aldi berean inguruko jendeei onuraren bat emango dien hesia, ebaki ez dezaten. Oihana berregiten laguntzeko Australiako akazia ekarri duen bezala, hesi berezi horiek eraikitzeko sastraka aproposa Gleditschia australis zuhaixkan aurkitu duela dio Boik.

Gleditschia akazia bezala gogorra da, xomorroen erasoak ondo gainditzen ditu eta arantza luzeak ditu, inguruko baserritarrei egurretara sastraka honen bila jotzea eragozteko adinakoak. Eta gainera fruituak ematen ditu, jateko nahiz erremediotarako erabil daitezkeenak.

Dioxinaz betetako kokagune batzuk aukeratu eta 30.000 dolar kostako den landaketa proiektua jarri zuen martxan, horretarako Munduko Bankuaren laguntza txiki bat ere eskuratuta. Joan den abenduan 10.000 zuhaixka landatu zituen, baina lehenbiziko saioak ez du arrakasta handiegirik erdietsi: gogorrak izanagatik akazia gutxi itsatsi dira eta Gleditschia sastraka asko abereek jan dituzte, beren arantzak artean txikiegiak zirelako.

Baina Boik urte asko daramatza lantegi honetan porrot batengatik Hanoiko bulegoko lan errazera itzultzeko. Udazken honetarako bigarren ahalegina ari da prestatzen. Oraingoan hesia zabalagoa izango da, akazia gehiagorekin babestua eta aurretik lurzorua ongarrituko du, landare berriei lehen bultzada emateko. Behar dituen 20.000 dolarrak ez lirateke asko pozoia zabaldu zutenek emateko.

http://www.argia.eus/nethurbil.php
helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude