“Mundua osorik diseinatuko nuke berriz”

  • Diseinu eta komunikazio enpresa baten jabea da eta Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko lehendakariordea. Baina baita gauza gehiago ere. Aulki askotan esertzen da zona mixta-ko euskaldun hau, eta denetan eroso dabilela dirudi.
Rebeka Arraras
Josu Santesteban

Zure diseinu enpresa RBK deitzen da eta zure bizitzan siglak oso presente daude...


BAI zorionez, ETA zoritxarrez, baditut ondoan sigla gehiegi, eta gehienak ez dakit zer demontre esan nahi duten. Baditut izenak ere, izen osoak, izenez beteta dago gure bizitza eta gure mundua. Izen berriak, gauzak, sentimentuak, momentuak… Dena izendatzen da. Ez zen hori nahikoa? Baina RBK ez dira siglak.

Zer dira?


Niregana ailegatzeko bidezidorra.


Zer nahi zenuke diseinatu eta nola?


Mundua osorik diseinatuko nuke berriz makiltxo magiko batekin. Baita beste gauza polit bat ere: momentu inportanteak. Hau da, une horietan ikusten duzuna, usaintzen duzuna, ukitzen duzuna, nola eta norekin zauden... Dena zoragarria izan dadila.

Bai Euskarari Akordioaren Ziurtagiriaren Elkarteko (BEAZE) kide zaitugu: agiria inori kentzeko eskatu beharrik izan al duzu?


Alderantziz, nik neronek jende eta erakunde guztiei emango nieke. Nafarroan bederen, ziurtagiria jasotzeko interesa adierazten dutenek zerbait merezi dute, ez dakit ziurtagiria edo besarkada bat, baina edozein motatako omenaldia seguru.

Daramazun abizenak izendatzen duen herria “%100 euskaldun” izan da duela gutxi arte... Azken orduko informaziorik bai?


Ez, gaur ez naiz Arraratsen izan, baina uste dut horrela jarraitzen dutela. Nire bigarren abizena (Paños) “zona no vascofonan” dagoenez, ez daukat daturik.

Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko (NEEZE) lehendakariordea zaitugu: zerk batzen zaituzte?


Emakumezkoen eskubideen alde lan egitea eta gizonezkoei munduaren zilborra ez direla erakustea. Baina suabe-suabe esan behar zaie, bestela haserretu egiten dira.

Gizonak gaizki diseinaturik al daude?


Ez, ez dut uste. Niri gizonak kanpotik nolakoak diren gustatzen zait, hala ere esan behar dut emakumezkoen gorputza askoz ederragoa dela, politagoa. Gizonezkoek ez dute gorputza behar den bezala erabiltzen, baina ez daude gaizki diseinatuta. Hormonak daude gaizki diseinatuta, gizonezkoenak zein emakumezkoenak. Hormona laborategiak ez zuen lan fina egin.


Euskarazko Komunikazio Taldeko Administrazio Kontseiluan (EKTAK) zaude: erdal hedabideen gainbehera antolatzen?


Inola ere ez, beste hainbat hizkuntzatan dauden hedabideek badute bizitzeko eskubidea. Hizkuntz aniztasuna beharrezkoa da eta aberastasunaren ezaugarria da, nahiz hemen, Nafarroan, kontrakoa pentsatu baten batek.

Nafarroako boteregune tradizionalak aldatzen hasi al dira eta kanpoan ez gara konturatu?


Ez, lasai egon, denak beti bezala jarraitzen du. Boteretsuak ez dira, hain zuzen, gauza berriak diseinatu zale. Betiko gauzak egiten dituzte, ez dira orijinalak. Aurpegi berria erakuts dezakete, baina betikoa egingo dute, aurretik egin duten berbera.


Bukatzeko, lan-enkargutxoa: diseinatuko al diguzu herri kontsultarako galdera egokia?


Zein eguraldi nahi duzu biharko: eguzkia ala euria? Hau ere makiltxo magikoarekin konpondu behar. Jendea kezkatzen duen gauzarik inportanteenetarikoa delako. Eguraldiari begira bizi gara beti eta eguraldiari buruz jende guztiak hitz egiten du, eta bere iritzia eman.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude