Lohiker maltzurra garaitzeko heroi bila

  • Gugandik urruti, milioika eta milioika kilometrotara, Lurrak planeta biki bat du: Naturpolis. Naturpolisen gertatzen denak zuzenean eragiten dio Lurrari eta planeta hura arriskuan dago orain. Naturpolis, eta ondorioz Lurra, Lohiker maltzurraren eskuetatik salbatuko duen heroia izan nahi?
Naturpolis jolasa
Modu dibertigarrian gazteek ingurumena zaintzeko kontzientzia barneratu dezaten, Argia Jolasak-ek joko berria prest du dagoeneko: Naturpolis mahai jolasa. Naturpolis planeta, Lurra jaio zen une berean sortu zen, unibertsoaren beste muturrean. Bi planetak bikiak dira eta batean gertatzen denak besteari eragiten dio. Horregatik, gizakion erruz handituz doan kutsadurak izaki ilun eta maltzurra sorrarazi du Naturpolisen: Lohiker. Lohiker gainditzea lortzen ez badugu, etorkizun beltza izango dute bai Naturpolisek eta bai Lurrak, eta beharrezkoa da etsaiarekin akabatzea. Argazkietan ikus ditzakezuen lau heroietako bat aukeratu eta Lohiker gainditu arte aurrera egitea izango da irtenbidea.

Naturpolisen bertan jokatuko da lehia gogorra. Lohiker agertu arte behintzat, planeta ederra zen Naturpolis, lau mundutan banatua. Suaren Munduan sumendi ikusgarriak eta laba ibaiak dira nagusi, eta berotasunak emandako energia hori aprobetxatuz bizi dira bertako biztanleak. Uraren Munduan, itsaso eta ibaiak zabaltzen dira paisaian eta arrantzarekin eta olatuek eragindako energia hidraulikoarekin ongi bizitzeko aski dute bizilagunek. Airearen Mundua berriz, hegazti ederrez betea dago, eta bertako biztanleek haizearen energia naturala erabiltzen dute, zepelinean edota globoan ibiltzeko. Azkenik, Lurraren Mundua ere bada Naturpolisen eta bere soro emankorrak atseginez eskertzen dituzte bertakoek.

Baina azkenaldian natura ez da hain garbia, eta errekurtso natural horiek denak arriskuan daude: Lohikerrek ibai eta zelaiak kutsatu ditu, airea ke pozoitsuz betetzen ari da, suteak eragin ditu, inguru guztia kiskaliz… Planeta salbatzeko garaia iritsi da.

Garaipena, urratsez urrats

Ludi pertsonaia jatorrak modu dibertigarrian azaltzen du, jokoak daramatzan argibideetan, Lohiker garaitzeko eman behar diren urratsak. Hasteko, lau munduetako bat hautatu eta bertatik abiatuko da jokalaria. Bidean aurrera egiteko, galdera-txartelak zuzen erantzun beharko ditu, eta mundu bakoitzak bere txartel sorta dauka, suari, urari, aireari eta lurrari buruzko galderekin. Zenbatekoa da eguzkiaren gainazaleko tenperatura? Zein da hilabeterik euritsuena Euskal Herrian? Zein talderena da Haizea abestia? Zein mendiren magalean ospatzen da iraileko igandeetan erromeria alaia? Horrelako galderak prestatu ditu, jolaserako propio, Artelatz Ingurugiro Zerbitzuak, baina zailak iruditu bazaizkizu lasai, hiru erantzun posible eskaintzen baititu txartel bakoitzak, eta horien artean egokia dena asmatu behar da.

Beste batzuetan, Ludi agertzen den laukitxoetan erori gaitezke, laukitxo berezietan alegia. Halakoetan, luditxartel bat hartu eta honek dioena egin beharko du jokalariak. Batzuetan ona izango da txartela –“Mendian zinela, kristalezko hondakinak aurkitu eta jaso egin dituzu suteak eragozteko. Su puntu bat lortu duzu. Bota dadoa”–, eta besteetan ez hain ona –“Amaren zain zaudela autoko bozina jo duzu. Bozina soinuak zarata sortzen du eta hori ere kutsadura da. Ondorioz, Aire Puntu bat galdu duzu eta baita txanda ere”–.

Halaber, mundu batetik bestera igaro ahal izateko zubiak aurkituko ditugu bidean, ibilbidea nahi dugun moduan antolatzeko. Finean, mundu bakoitzeko hiru puntu lortzea izango da gure helburua. Behin hamabi puntu horiek eskuratuta, Lohikerren aurka lehiatuko gara eta berau gainditzea izango da erronka, jokoa irabazteko eta gure planeta bikiak kutsaduraren eta zaborraren esku zikinetatik salbatzeko.

Ikasleentzako lehia irekia

Bestalde, Naturpolis mahai jolasa ezagutzen joateko, gazteentzako lehiaketa antolatu du Argia Jolasak-ek. Lohiker garaitzeko zure plana izenburupean, Lohikerri eta beraz kutsadurari eta zaborrari aurre egiteko zer egingo zenukeen azaltzea da lehiaketaren muina. LHko 3. maila eta DBHko 2. maila artean dauden ikasleek har dezakete parte eta lanen teknika librea izango da: ipuina, marrazkia, argazkia, komikia, eskultura… Bakoitzak nahi duena. Gainera, irabazleak eta bere ikastetxeak sari ederra jasoko dute –informazio gehiago eskuratzeko deitu 943 37 15 45 telefono zenbakira–. Beraz, animatu eta ekin pentsatzeari: zer egingo zenuke Lohiker garaitzeko?

ASTEKARIA
2007ko urriaren 07a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude