Begiek ordaintzen dutenez, fruitu handienak izateko muturrean hauek dituen arbari axaleko azala buelta osoan ebakitzea teknika zaharra da. Sustraietatik igotako izerdi gordina hostoetan gozatu eta arbola elikatzera goitik behera abiatzean bertan gelditu beste aukerarik ez du, ebakiaren aduanan, jatena dena fruituen eskura...
Lehengo batean Hernio muturreko gurutze-baratzean, igandeko jende desdetxatik urrun, bederatzi lagun. Gurutzepean bikoa, harantzaxeago bost –aiton, seme, alaba, suhi eta biloba– eta gu bi. Gurutzepeko bat, besteon egarria eta bekaizkeria goitituz, mertxika janez. Ez sí eta ez no aitona poto bat husten hasten da, haizeari. Haizea geure muturrera eta mertxikara, mertxikarekin edo gabe amona jaten ari ginela jabetu ginen arte... Mertxika-jalearen imintzioak ez zaizkit berehalakoan ahaztuko. Amona ez zen mertxikazalea izango... Txinatarren arabera fruitu hau hilezkorrek edo hilezinek jaten zuten; enperadorearen morroiak eskuetan hiruna mertxikarekin irudikatu ohi ziren. Gazte lirain eta pertxentari ere mertxika deitzen zaio makina bat kulturatan, hiltzea, ustez jakina, urrun duenari alegia.