argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Hegoak ebaki banizkio...
  • … neria izango zen. Ez zuen alde egingo.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2007ko urriaren 07a
Horregatik, gorputzeko edozein atal mugitzeko eta hitz egiteko gaitasuna kendu nizkion; ezkerreko begiko betazala zuen inguruarekin harremanetan jartzeko bide bakarra. Baina Le scaphandre et le papillon pelikulako protagonistak, eskafandran harrapatuta egonagatik, etsi beharrean tximeleta izaten jarraitzea erabaki zuen. Eta alde egitea lortu gainera: irudimenarekin, oroitzapenekin, bizitzeko indarra hiltzen uztekoa baino handiagoa zelako. Eta sormenez, pasioz, maitasunez, poesiaz eta sentimenduz betetako bizitza izan zuen, kaiolaren mugak gaindituz. Hori dena hain bikain kontatzeagatik jaso du Europako pelikularik onenaren saria Julian Schnabelen filmak. Eta ez gaitu harritu.

Oro har, atseginez ikusi ditugu aurtengo Zabaltegiko pelikulak: maila ona eta eskaintza anitza. Beiruteko hainbat emakumeren elkarrizketa intimoak azaleratzen dituen Caramel-ek sari bat baino gehiago jaso du, kinielek aurreikusten zuten bezala, eta asko poztu gaitu Soul Carriage filmeko zuzendari Conrad Clarck-ek eskuratu duen zuzendari berrien Altadis sariak. Ingelesa izanda, bere lehen pelikularako apustu zaila egin du Clarckek: Txinan, txineraz eta txinatar erara errodatu du lankidearen gorpua familiari eraman behar dion herritarraren istorioa. Mendebaldeko zine eredutik erabat aldentzen da Soul carriage eta inperio erraldoiaren kontraste gogor eta beldurgarriak azaleratzen dizkigu. Geldoa eta desberdina izanik, filmak iraun bitartean ikusleen herenak aretoa utzi zuen eta oso txalo gutxi jaso zituen. Horregatik, harritu eta poztu egin gaitu zuzendari gaztearen ausardia eta lan duina aintzat hartu izana.