Baina telebistan Zinemaldiaren momentu gogoangarrienak laburtzen dituztela ikusi eta sorpresa: Wang azaldu da hor nonbait bai, baita desagertu ere, agudo. Richard Gere, Demi Moore, Lou Reed –ez nekien zinema munduarekin zerikusia zuenik– eta koadrilakoek jan dute errepasoaren tarta zati handiena. Glamourraz hizketan esataria eta pantailan ile urdindun gizona beisbol kapela buruan, txandala jantzita. Eta “hori glamourra bada...” pentsatu duzu, baina badaezpada ez duzu idatzi burutik pasa berri zaizuna.
Zinemaldi honek –aurrekoek ere bai, gutxi-asko– zera erakutsi du beste behin ere: prentsak, zinemaren industriak eta ondorioz publikoak bi orraze erabiltzen dituela zazpigarren arteko lanak baloratzerakoan. Orraze zabalak kalitatea izango luke irizpide, horrek izan ditzakeen kontraesan guztiekin. Hor lekua dute hasieran aipatu zuzendariek, inork ez du haien kalitatea ezbaian jarriko.
Baina, amigo, glamourraren orraze estua ateratzean Hollywood eta bere WASP eredua –ados, Gere budista ei denez, WASB ere onartuko dugu– nagusitzen dira. Zinemaldiaren maila, azkenean, filmengatik baino etorri diren izarrengatik neurtu dela, neurtzen dela, alegia. Norbaitek pentsatu beharko luke epe luzera zer ondorio dituen horrek.