Euskal oligarkiak ez du BBVA zuzentzen

  • Duela 150 urte (1857an) jaio zen Banco Bilbao (BB) delakoa euskal burgesiaren eskutik. Zenbait bat egiteren ostean, Banco Bilbao Vizcaya Argentaria (BBVA) bilakatu da, baina gaurko kudeatzaileek ez dute zerikusirik orduko burgesiarekin, ezta Neguriko oinordekoekin ere.
BBVAren Madrilgo dorrea
Banco bilbao Vizcaya Argentariak (BBVA) euskal burgesiaren erroekiko lotura galdu du. Kontseiluko kide gehienak espainiarrak dira, eta horietatik bik baino ez dute euskal jatorria eta bizilekua. Erakundearen presidentea Francisco González (FG) galiziarra da, PPko Aznar presidenteak Argentaria banku publikoko presidente izendatua, eta Euskal Herriarekin inolako zerikusirik ez duena.

Bankuaren euskal erroei dagokienez, geratzen diren aztarna bakarrak Bilboko Alde Zaharreko San Nikolas plazako egoitza, eta Gran Via hiribideko Banco Bilbaoren eta Banco de Vizcayaren presidentzien egoitzak dira. Gutxika egoitza horiek eta Bilboko beste zenbait zentro ixten ari dira Madrilgo egoitzaren mesederako, eta ondorioz Bizkaian hainbat lanpostu galdu da. Langileak mobilizatzen ari dira azken hilabeteotan. BBVAren higiezinen salmenta politikak aurrera eginez gero, Bilboko zenbait egoitza enblematiko salmentan jar liteke. Egun, BBVAren bulego nagusiak Madrilen daude, eta bertan hartzen dira erakundearen zuzendaritza erabakiak. Bilbon Batzar Nagusiak baino ez dira egiten, legeak ezartzen baitu batzarrok egoitza soziala dagoen tokian egin behar direla. Horrek guztiak ez du esan nahi BBVAk euskal banku abertzalea izateari utzi dionik, izan ere, inoiz ere ez da halakorik izan, hemen azalduko dugun bezala.

Industria finantzatzeko bankua

Bizkaiak, meatzetako aberastasun handiari, Bilboko portu estrategikoari eta industriari esker, berebiziko garrantzia izan zuen XIX. mendeko garapen industrialaren hastapenetan. Industria garapen hori aurrera eramateko ezinbestekoa zen finantza erakunde bat sortzea. 1856ko martxoaren 7an, Bilboko 106 merkatari eta finantzari elkartu eta Isabel II.a erreginari bankua sortzeko baimena eskatzea erabaki zuten. 1857ko maiatzaren 19an, gobernuaren baimena heldu zen. Egun horretakoa da Banco de Bilbaoren jaiotza juridikoa.

Kapital harpidetza zortzi milioi errealekoa izan zen 2.000 errealeko akziotan, eta lehen akzionistak 106 merkatari eta finantzariak izan ziren. Administrazio kontseiluko kideak ondokoak izan ziren: Pablo de Epalza, Pantaleón Aguirre, Mariano de Zabalburu, Gabriel María de Ybarra, Felipe de Uhagón, Benito de Escuza, Vicente de Arana, Pedro Antonio de Errazkin, Luis de Violete, Ezequiel de Urigüen eta Francisco Mac-Mahon. Lehen zuzendaria Ambrosio de Orbegozo izan zen.

Hala, 1857ko abuztuaren 24an hasi zen jardunean Estufa kalearen 7. zenbakian, San Nikolas plazaren alboan. Euskal Herriko lehen sukurtsala Gasteizen ireki zuen (1913). Berehala hedatu zen kanpora: Paris (1902), Londres eta Madril (1918), Bartzelona, Valentzia eta Madril (1920), Sevilla eta Tanger (1921). Gaur egun, Amerikan ditu sukurtsal eta langile gehienak.

Bateratze prozesu etengabea

Bankuen bat egite prozesuak ez dira soilik egungo kontua. Euskal banku jardueran hazteko helburua duten bateratzeen filosofia hori hasiera-hasieratik egon da presente, XIX. mendetik. BBk ez zuen 1891ra arte lehiakiderik izan; urte hartan, ontzi negozioak zituzten Sota eta Aznar familiek bultzatuta, Banco de Comercio delakoa sortu zen, hori ere Bilbon. Orduan sortu zen lehen bat egitea, 1901ean BBk Banco de Comercio delakoa bereganatu zuenean. Urte horretan bertan, beste bost banku sortu ziren Bilbon, besteak beste Banco Vizcaya; azken horren akziodun garrantzitsuenak ere Neguriko oligarkiako kideak ziren. BB eta BVren arteko norgehiagokak XX. mendearen amaierara arte iraun zuen; izan ere, 1988an BBk Sánchez Asiaín zuzendari zuela, eta BVk Pedro Toledo zuzendari zuela, bat egin zuten Banco Bilbao Vizcaya (BBV) sortuz.

Handik urte batzuetara, 2001ean, Argentariarekin bat egin zuen BBVA sortuz, eta horrek BBVren azken hondarrak kanporatzea ekarri zuen. Erakunde berriaren zuzendari, burtsan aditua den FG galiziarra izendatu zuten. Orain FGk industria alde batera utzi eta finantza negozio hutsera bideratu du arreta. Politika horren adierazgarri nabariena izan da BBVAk Iberdrola utzi izana. Ildo horretatik bideratu dira bankuen erosketak eta bereganatzeak, batez ere Latinoamerikan (Mexikon zehazki) eta Ipar Amerikan, non urte berean 7.410 milioi euroren truke Compass Bancshare-a bereganatu baitzuen.

ASTEKARIA
2007ko urriaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Eguneraketa berriak daude