argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Eskola eta familia, hiperaktibitateari aurre egiteko
  • Arreta Galera eta Hiperaktibitate Nahastea (AGHN) da izendapen akademikoa, medikuen kongresuetan eta liburuetan agertzen dena. Baina jende arruntak hiperaktibitatea esaten dio, besterik gabe. Dela izen luzearekin, dela izen arruntarekin, sindrome horrek jota dauden umeen ezaugarri nagusia etengabe mugitzen egotea da: gehiegizko jarduera motorra, geratu gabe korrika, saltoka, hitz egiten aritzea, jarduera bat hasi eta berehala aldatzea, eta horrez gain, adi egoteko eta kontzentratzeko zailtasunak.
Jabier Agirre 2007ko urriaren 07a
Baliteke sei urtetik gorako umeen %10ak izatea sindrome hori, eta eskola eta gizarte mailako zailtasunekin batera agertu ohi da. Horrelaxe nabarmendu dute adituek, duela gutxi Arreta Galeragatiko Nahasteari eskainitako jardunaldian. Eskolan,ume horiek motibaziorik,ikasteko interesik eta diziplina arrastorik gabekotzat, eta ezarritako arau guztien hausle edo urratzailetzat jotzen dituzte sarritan, baina ezinbestekoa da denok (guraso nahiz irakasleok) argi edukitzea portaera bitxi horien atzean dagoen arrazoia.
Hezitzaileen zeregina funtsezkoa da portaera arazo horiek identifikatzeko, eskolan bezala baita etxean edo familia giroan ere, hortxe ematen baita umearen eguneroko bizitza. Izan ditzakeen arazo, zailtasun eta gorabehera guztiak haiek behatu eta aztertuko dituzte hobekien.

Behin arazo bat dagoela ikusi ondoren, elkarri transmititu beharko diote susmo edo errealitate hori –gurasoek irakasleei edo alderantziz–, eta umea osasun mentalean aditua den batengana bideratu, hark diagnostikoa berretsi eta arazoa tratatzeko modurik hoberena zein den erabaki dezan. Arazoa kezkatzeko modukoa da, nahaste horrek umearen arreta eragotzi, bere portaera zaildu eta arauetara egokitzea aldrebesten duen neurrian. Ume horiek, eskolan errendimendu eskasaz gain, portaera antisoziala edukitzera ere irits daitezke. Horregatik, garrantzi handikoa da arazoa lehenbailehen bideratzea. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.f.adana.org helbidera (Adana fundazioa) jo dezakezue.