Gizakiak antzinatik erabili ditu usoak mezulari. Greziako olinpiar jokoetako emaitzak modu horretan zabaltzen ziren eta Marko Aurelio erromatar enperadoreak ere usoak erabiltzen zituen gatazken nondik norakoak lehenbailehen ezagutarazteko.
Baina bakearen sinbolo hauek XX. mendeko gerra handietan izan ziren bereziki gerrako tresna. Lillen (Frantzia), esaterako, Lehen Mundu Gerran “eroritako” 20.000 usoen omenezko monumentua dago. Lehen gerra handian hegazkin eta ontzi guztiek zeramatzaten usoak. Hegaztien %95ek lortzen zuen misioa onik betetzea eta horietako batzuek ospea ere lortu zuten euren balentriei esker. Cher Ami, esaterako, bularrean zauritu zuten bere azken misioan. Estatubatuarren Lost Batallion-eko azken usoa zen, baina helburua betetzea lortu zuen eta batailoi “galduko” 194 soldaduak bizirik irten ziren handik, usoari esker. Lehenago, Verdungo gatazkan, garrantzi handiko zazpi mezu igorri zituzten hari esker eta frantziarrek Croix de Guerre delakoa eman zioten. Joker 1917an jaio zen, eta bere 52. misioan zauritu zuten; ezkerreko begia eta garun zati bat galdu zituen, baina 1937. urtera arte bizirik iraun zuen. Spike-k, aldiz, 50. misio bete zituen inoiz zauririk jaso gabe.
II. Mundu Gerran are garrantzi handiagoa izan zuten soldadu hegodunek. Batez ere AEBetako eta Ingalaterrako museo militarretan usoekin zerikusia duten hainbat objektu eta erreferentzia daude jasota. Aliatuen aldean 3.000 soldaduk eta 150 ofizial inguruk bete zuten usoak zaintzeko lana. Normandiako lehorreratzearen berria Ingalaterrara eramaten lehena Paddy izeneko irlandar usoa izan zen; lau ordu eta 50 minutu behar izan zituen. Scotch-Lass-ek, berriz, larriki zaurituta egon arren, bere helburua lortu zuen eta Holandatik Ingalaterrara itzuli zen, 38 argazki egin ondoren. Maryk bost urtez egin zuen lan aliatuentzat, 22 aldiz zauritu zuten eta, azkenean, gatazkan hil zen.
Kapitain gradua zuten, askok hainbat domina jaso zituzten eta gatazkan hildakoek gerra heroiei zegozkien hiletak izan zituzten. Inork ez zien galdetu gerran parte hartu nahi ote zuten. Ezta bakearen sinbolo izan nahi ote zuten ere.