«Abertzalea izan naiz beti eta laguntzen jarraituko dut»

  • Arantza Aretxandietak badu titulu ongi merezia Gasteizen sasoi bateko abertzaleen artean: aro berriko lehenengo iheslarietakoa izan zen. Polizia bigarren aldiz etxera bila zihoakiola-eta alde egin zuen sorterria utzirik 1968ko maiatzean. Militantzia baten historia du bere baitan gorderik.
Arantza Aretxandieta
Dni Blanco

Arantza Aretxandieta…


Miren Arantza naiz ni. Aretxandieta Bengoa. Gasteizkoa aita, ama Aramaiokoa. Lehen deitura, hala ere, Oleta aldetik datorrela uste dut. Otxandio ingurutik. Etxean ikasi nuen euskaraz, amarekin. Aitak ez zekien. Aramaioko euskara ikasi nuen baina gero ahaztu egin nuen, Gasteizen zaila zen eta euskaraz hitz egitea. Are okerrago, txarto egiten nuen erdaraz eta ondo ikasteko, gaztelaniaz hitz egiten hasi nintzen etxean. Amak zein amamak niri euskaraz, eta nik, bueltan, gaztelaniaz. Eta, atera kontuak, amamak ez zekien erdaraz!

Gaztelaniaz ez zenekien txikitan.


Eta eskolan, txarto ipintzen nituen azentuak eta gainerakoak. Ikaskideek barre egiten zuten nire lepotik. Orduantxe esan nion nire buruari erdaraz ondo ikasi behar nuela, isekarik egin ez ziezadaten. Baita ikasi ere! Erdaraz ondo ikasi nuen, euskaraz ahaztu bazitzaidan ere!

Eskola giroa?


Ez zen giro gogorrik, eskolako zuzendaria errepublikarra zen eta. Nuevo Colegio (Kolegio Berria) zuen izena, Manuel Iradier kalean. Orain Emakunde dagoen lekua da. Hainbeste denbora pasa da, izan ere. Batzuetan barrura sartzeko gogoa ematen dit, barrua zelan dagoen ikusi…

Txikitan euskaraz ahaztuagatik, itxura antzean ari zara orain…


Bai. Neu nintzen senideetan zaharrena eta, niri segika, erdaraz hasi ziren besteak ere. Aitaita haserretu zen arte. “Gure etxean ez gara espainolak!”, esan zuen. Aitaitak ez zuen erdararik entzun nahi etxean, haserretu zen, eta euskarara jo genuen berriz. Ordurako hamabi urte nituen nik.

Eskerrak aitaitari.


Oso politika zalea zen. Abertzale hutsa, EAJkoa. Kartzelan sartu zuten gerra ostean, Gasteizko espetxean. Karmengo komentuan eduki zuten preso, eta Bakea kalekora eramaten zuten lanera. Aitaita hemen, eta familia ere Aramaiotik Gasteiza etorri zen, haren bila, ze lehenengoan ez zuten jakin non zeukaten sartuta. Horregatik batu zen familia guztia Gasteizen. Gerra amaitu eta hiru-lau urtera irten zen zulotik aitaita, eta ordurako ez zegoen Aramaiora bihurtzerik. Hango etxea, Arexola auzoko Bengoa, konfiskatu egin zuten.

Nolakoa zen ama, aitaitaren alaba?


Isila. Ez daukat askorik gogoan, gazterik hil zen eta. Aldiz, aitak, Gasteizkoa zenez, nazionalekin joan behar izan zuen, nahiz eta berak beste aldean egin nahi gerra. Baina ezin izan zuenez, Gurutze Gorrian jardun zuen. Konpromiso politikoa zuen, baina erakunde antolaturik Gasteizen ez, eta zelula sozialista edo halako batean sartu zen. Gerra ostean, aita ere kartzelan sartu zuten.


Giro horrek eraginik izango zuen zugan…


Bai, handia. Ni euskalduna sentitu naiz beti. Euskaldunak eta gorriak ginen etxean. Hori esaten zen gurean. Besteak, aldiz, espainolak ziren. Garbi eduki dut hori, betidanik. Eta beti eduki nuen barruan sartuta Euskal Herriaren alde saiatu behar nuela, era batera edo bestera.


Noiz eta nola gauzatu zen konpromisoa?


Ez Dok Hamairuren garaian. Kontzertua egin zuten Gasteizen… Kultur mugimendua hasi zen batean eta bestean, baita Gasteizen ere. Hemen oso zaila zen ezer egitea, hemengo giroa ez zelako euskalduna. Hala ere, helduentzako euskarazko eskolak antolatzen hasi ginen. Gero, dantzak, mendi irteerak… eta, konpromiso politiko erabatekoa baino lehen, lehenengo aldiz Olentzaro antolatu genuela gogoratzen naiz.


Olentzaro?


Bai. 1968ko maiatzean joan nintzen erbestera, eta aurreko Gabonetan egin genuen. Oso Olentzaro politikoa. Hiru karroza egin genituen. Batean, baserriko giroa erakutsi genuen, bertan zen Olentzaro. Bestean, Nafarroako nor edo nor, kateak eta beste. Aberria kateatuta zegoela adierazi nahi genuen. Hirugarrenean zer zen ez naiz gogoratzen. Aldiz, ondo baino hobeto gogoratzen dut jendeak “hau zer da, ordea!”, esaten zuela. Ez zuen ulertzen. Horixe izan zen hasiera. Ondoren heldu zen konpromiso politikoa.

Taldea zineten lanean…


Mendizaleak ginen. Manuel Iradier taldekoak. Geuk egiten genuen dena. Olentzaro eta gainerako guztia. Han ziren Pakita Goikoetxea eta beraren ahizpak, Beltza, Patxi Ormazabal, Bego Ariznabarreta, Eusebio Osa, Arantza Ulibarri… Garai hartan, elkarrekin ibitzen ginen abertzaleok, koadrilan. Berrogeita hamarren bat izango ginen. Peli Presa genuen euskarazko irakasle, eta Andoni Urrestarazu Umandi ere bai. Ikastola ere bazen, Estibalitz etorbidean zegoen. Dena dela, latza zen hemen abertzale izatea. Gure inguruan ez, baina kalean bai. Gaur egun besterik da, oso ezberdina. Ikastolei esker, batez ere. Beste era batera ikusten dira gauzak. Asko aldatu da egoera.

1968ko maiatzean joan zinen erbestera. Zer gertatu zen Olentzarotik maiatza bitarte?


Hamaika gauza. ETAko militante izan nintzen. eta atxilotu egin ninduten, kasualitatez izan bazen ere. Militantzia politikoaren bidean sartu nintzen, zer edo zer konpromiso handiagokoa nahi nuen. EAJko gazteen artean egin zuten sarekada batean harrapatu ninduten. Nik ez dakit zergatik izan zen sarekada… Beharbada, ikurrina jarri zutelako. Batek jakin! Jende asko harrapatu zuten orduko hartan. Hogeita hamar bat lagun, beharbada. Niri ez zidaten egurrik eman, baina bati baino gehiagori epelak eta bi eman zizkioten. Handik irten eta bost edo sei hilabetera atzera nire bila etorri zirenean, hanka egin nuen.

Etxeko baten erbestea familia osoarena ohi da.


Aitaita bizi zen oraindik. Alde batetik harro zegoen nire jarrera eta konpromisoarekin; beste alde batetik, ez zegoen ados ETAkoek idazten zutenarekin: “Hau komunismoa da. Hortik ez zoaz ondo!”. Hori esan arren, lagundu egiten ninduen. Oso harro zegoela uste dut. Aita… aitaita baino langileen aldekoagoa zen. Aitaitak tailerra izan zuen Aramaion, eta Gasteizen, berriz, errementaritza. Ez zeukan langile kontzientziarik. Aitak, aldiz, bai. Amak ez zuen ezer esaten, baina laguntzen ninduen. Neba ni baino bi urte gazteago zen, Madrilen ari zen ikasten.

Kanpoan biok.


Oso aldi gogorra izan zen, ze nik ihes egin eta gutxira ama hil zen, hogei egunean, familiakoek zer zuen behin ere jakin ez genuela. Horrek min handia egin zigun. Hogeita bi urte nituen nik. Amak, berrogeita bost. Polizia nire atzetik zebilen sasoi hartan, eta amaren hileta manifestazio politiko handia izan zen. Jende asko bildu zen, bai gure lagunak, bai eta abertzale ez zirenak ere, auzoak eta, elkartasunez. Kontzientzia anti-faxista handia zegoen orduan.


Baita errepresioa ere. Apodaka komisarioa nabarmendu zen Gasteizen gerra ostean. Zure garaian ba al zen horrelakorik?


Bada, Recio, ETAk hil zuena. Hemengoa zen, eta hemen hil zuten, 1971 inguruan.


Gasteizkoetan lehenengo iheslarietakoa izan zinen Iparraldean…


Iparraldean nengoela harrapatu zuten, non edo non Santanderren, ETAko buruzagitza. Haren ondotik, jende gehiago bildu zen Iparraldean. Lehenengo Ziburun izan nintzen, Piarres Lartzabalekin. Gero, Biarritzen. Baina berehala joan ginen Parisera.

1968ko maiatzean.


Bai. Iparraldean ez zegoen ezer, ezer ere ez, eta errefuxiatu gehienak Parisera edo Belgikara joan ziren. Ni, Parisera. Batetik, frantsesez ondo ikasi nahi nuen, Iparraldean derrigorra zen eta; bestetik, politikaz jakin nahi nuen. Izan ere, gu politikoki analfabetoak ginen, guztiz. Nik ez neukan karrerarik ikasteko asmorik, baina irakasle askoren klaseak oso interesgarriak ziren. Guk behin ere entzun gabeko gaien inguruan hitz egiten zuten… Hiru urte egin nituen Parisen, baina ez segidan. Iparraldera iheslari asko etortzen hasi ziren, eta ez zegoen haiei laguntzeko azpiegiturarik. Beraz, Paristik Iparraldera etorri eta Etxe Txikia ireki genuen Biarritzen hiru neskaren artean.

Etxe Txikia?


Anai Artearen hazia.


“Hiru neskaren artean”.


Maribel Azurmendi, bigarren bat Eibarkoa, eta hirurok. Hemendik ihesi zihoazenek nora joan izan zezaten egin genuen. Izan ere, ni joan nintzenean, Lartzabal eta abertzaleak zeuden. Gainerakoan, ezer ez. Zeuk atera behar zenituen babak eltzetik, bakarrik.

Telesforo Monzon.


Ezagutu nuen. Etxe Txikia egin genuenean, bertara etorri zen. Erreferentzi gunea zen, izan ere. Monzon erabateko pertsonaia zen, handikia nahi baduzu, baina guregana apal-apal etorri zen. Gurekin hitz egitera etorri zen, zertan ginen jakitera. Eta lagundu egin zigun. Gero, trantsizio natural baten bidez, Anai Arteak gure etxearen lekua hartu zuen. Baina gure garaian zer edo zer egin behar zen, eta egin genuen. Hura mantentzeko ere, lan egin behar izan genuen. Dirua behar zen. Gure eskuetatik sortu zen hura 1969 inguruan.

Zeuen lanaren izerdiz egin zenuten…


Parisen lan egin, diru pixka bat bildu, Biarritzera etorri, errefuxiatuei babes eman Etxe Txikian… Ikaragarria izan zen. Ni, behintzat, Paristik joan-etorrian ibili nintzen. Maribel, beharbada, Biarritzen bertan ariko zen lanean… Baina gure etxe hura mantentzerik ez zegoen. Oso zaila zen. Gu, izan ere, haur mukizuak ginen. Hogeita bi, hogeita hiru urte besterik ez genuen! Anai Artea etorri zenean, berez gertatu zen trantsizioa.


Aldi zaila eta beroa izan zen, zatiketa garaia.


Nire erreferentzia Emilio Lopez Adan Beltza eta bosgarren batzarra izan ziren beti. Etxe Txikian, berriz, seigarren batzarrak ekarri zuen zalaparta guztia bizi izan genuen. Ez zen gure etxeko kontua, baina jendeak ekarri zuen saltsa. Nik ez nuen askorik ulertu, eta sartu ere ez nintzen sartu, ezin nuen eta: nahiko lan nuen neure buruarekin! Lagundu besterik ezin izan nuen egin, militantetzat eduki dut beti neure burua, behar zuenari lagundu besterik ezin nezakeen egin.

Horixe zure aukera.


Laguntzea. Gero, gainera, bizitza bihurritu zitzaidan berriz. Etxetik alde egin eta berehala, amaren heriotza. Gero, Parisera joan, Biarritzen Etxe Txikia ireki… eta, orduantxe, 1971n, Madrilen ikasten ari zen neba, bakarra, trafiko istripuan hil. Haurdun nengoen ordurako. Neba maiatzean hil, eta abuztuan jaio zen gure lehenengo semea, Xabi. Umeak lau hilabete zituela, berriz, Gasteiza bidali behar izan nuen, etxekoekin, niri tuberkulosia diagnostikatu zidaten eta. Urtebete igaro nuen Kanbon, sendatzen. Fisikoki jota irten nintzen Kanbotik. Bestalde, haurra jaso behar nuen. Jaso, eta ez ninduen ezagutzen! Oso gogorra da, haurra izan, negarrez makakorroka ari, triste… Gure aitaita falta zitzaion, eta gure aita… Eta aita Iparraldera etorri zen niri haurra gozatzen laguntzera. Horregatik diot ezin izan nuela bestelako lan handirik egin, militantziari dagokionez, behintzat.

Norbera da behin…


Hemezortzi, hogei hilabete zituela hartu nuen haurra. Eta, gure aita han genuela, gozatzen hasi zen Xabi. Gure semeak bospasei urte zituenean itzuli ginen Gasteiza, 80ko hamarkadaren hasieran, amnistiarekin.


Bestaldetik etorri eta hura nora eza! Hona heldu eta oso aldatuta zegoela iruditu zitzaidan. Denera bederatzi urte egin nituen erbestean, jendea gehien mudatzen den sasoian! Hogei urtetan joan eta hogeita hamarretan itzuli nintzen. Jende asko zebilen hemen, lehenengo kolpean ezagutu ez nuena. Deigarri egin zitzaidan. Garai bateko ezagunak ziren, baina beraien boza besterik ez nuen ezagutu. Haien eite fisikoa arrotza zitzaidan. Ume-moko zirela alde egin nuen. Itzuli, eta ezkonduta zeuden, edo seme-alabak zituzten. Nahiko lan izan nuen egoerari erantzun politikoa ematen.

Bor-bor-bor zegoen Euskal Herria…


Bai. Martxoaren 3a igaro eta urte bira etorri nintzen. Esate baterako, nire lehengusuetako bat San Frantzisko elizan zegoen txikizioa izan zenean, eta hain gaizki ikusi zuen bere burua, hitz egiteari ere utzi egin zion. Ikasle zen, gaztea, eta gurean egon zen, Iparraldean, bere onera etorri arte. Esan nahi dut artean erbestean nintzela eta ez nituela amnistiaren aldeko manifestazio erraldoiak bizi izan. Ezkerreko mugimenduak ezagutzen hasi nintzen. Nire irudiko, ordea, batean ere ez zen Euskal Herriari buruz hitz egiten. Ezkerrekoak ziren, nazio arazoa lantzeke. Herri Batasunan sartu nintzen, baina ez garai batean bezain suhar. Laguntzen saiatu nintzen.

“Abertzalea ni jaio nintzen, eta abertzalea hilko naiz”. Ibai Rekondok kantatzen zuen.


Bai. Holakoren bat… Gero, gaur egun senarra dudana ezagutu nuen, beste umetxo bat izan nuen, Egoitz. Hogeita zazpi urte ditu gaur egun. Poliki-poliki asentatu egin nintzen.


Kultur giroan militatzen hasi zinen, arlo politikoan jardun zenuen… Egoera politiko zaila da gaur egun. Zer diozu kulturari buruz?


Orduan baino hobeto dagoela esango nuke. Askoz hobeto. Jendeak orain badaki zer den Olentzaro, askok euskaraz egiten du kalean. Neure semeetan ikusten dut: irakurri eta idatzi egiten dute, informazioa baliatzen, musika, zinema, komikiak… Euskaraz dituzte denak. Jauzi kualitatibo handia da. Ez dago alderatzerik. Ikastolak sekulako aurrerapausoa izan dira. Kontatuko dizut: bi biloba ditut, eta hiru urtekoak esana. Etorri da ikastolatik eta: “Amama, nik badaukat aita, badaukat ama, badaukat amama… Eta bizi naiz Euskal Herrian”. Hiru urte dituela hori aditu eta nire buruari esan nion: “Gaitz erdi, zer edo zertarako balio izan du!”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude