argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2013ko maiatzaren 03a

Fito Rodriguezek El Diario Vascon:«Garai batean, batzuek esaten zuten bertsolaritza ezin zela eskolan ikasi, bertso eskoletatik ez zela bertsolaririk aterako. Baina frogatu da ikas daitekeela, eta antzekoa gertatzen da idazketarekin: ikasi egin daiteke».

 

Ainhoa Ansak Galtzaundi aldizkarian: «Kantuak esparru batzuk galdu ditu. Esaterako, jada ez dugu afaloste bat kantuz bukatzen (ez behintzat lehen bezalako jardunarekin). Hala ere, azken urteetan, kaleetako esparru hori eta gainerako leku publikoak berreskuratu nahian, hainbat ekimen ari da sortzen gure herrietan kantuan aritzeko (...) Hasierako txapelketa haietan jendea kalean euskara entzuteko gosez zegoen».

 

Joxe Rojasek Gaztelumendi.org web gunean: «Kopuruei begiratuta badirudi euskarazko blog komunitatea badagoela, mugimendua badagoela alor horretan, eta beste batzuetan ez bezala, oraingoan trena garaiz hartu dugula euskaldunok. Baina ez dakit dagoena komunitatea edo koadrilatxoa den. Esan nahi dut: azkenean beti ikusten ditut izen berberak gauza hauekin lotutako kontuetan, eta izen berriren bat agertzen den momentuan, betiko beste izen horiek aztoratu egiten dira/gara, koadrilan egon eta ezezagunen bat sua eskatzen datorrenean bezala. Badinotsut: nik denbora pixka bat utziko nuke pasatzen, eta kanpotik ikusten gaituen baten bati galdetuko nioke hori».