222 eskailera zerura

  • Bedartzandiko eta Urregaraiko tontorrek Santa Eufemiako zelaian egiten dute bat.

    Harainoko igoera erraza da eta ikuspegia zoragarria. Aulestira hurbilduz gero,
    bertara bisita egitea nahitaezkoa da.

    Giro ederra egokitu zaigu, goi aldeetako ikuspegiaz gozatzeko egun ezin hobea. Aulestin hasiko dugu gure ibilbidea. Lea Ibarrako herria da Aulesti. Markina eta Lekeitio arteko Erdi Aroko bidearen erdian dago, Iluntzar eta Bedartzandi mendien artean. Elizatea da berez eta herriguneaz gain, bederatzi auzok osatzen dute: Goierri, Ibarrola, Narea, Malats, San Anton, Urriola, Zubero, Solaguren eta Garaurre. Lekeitiotik, Markinatik zein Gernika-Lumotik heldu daiteke Aulestira.
Aulesti
Zihara Enbeita
Andeparaburu izeneko jolasgune edo atsedenlekutik irteten da bide bat Santa Eufemiarantz. Andeparaburu izena antaparatik dator –errotara ura daraman ubidea da antapara–. Izan ere bertan, jolasguneaz gain, errota eta presa daude. Herriko igerilekua da presa hori. Hala izan da behintzat hainbat urtetan. Bertotik herrian dauden harrizko zubi zaharretatik bi ikus daitezke. Santa Eufemiara joateko horietako bat pasatu beharko dugu. Lea bakarrik ez, Laminerreka izeneko erreka ere pasatzen da Aulestitik. Kondairek diotenez, bertan lamiak bizi ziren. Antza denez, ondoko baserri bateko emakumeak urrezko orrazia topatu zuen eta etxera eraman. Hurrengo goizean lamia agertu zitzaion sukaldean orrazi eske.

Malats eta Zuberorako bidean

PR-BI-141 ibilbidea hartu behar dugu Santa Eufemiara igotzeko. Bide hau antzina aulestiarrek Malats eta Zubero auzoetara igo edota Lekoiz eta Markinaraino joateko erabiltzen zuten. Zubero auzoraino antzinako galtzadatik joan behar da. Bertotik Malats auzoraino doa bidea, bertan ikusiko dugu jatorrizko galtzada. Malatsetik aurrera eginez helduko gara Urregaraiko zelaira eta Urregaraiko tontorrean dago Santa Eufemiako ermita.

Guk bestelako bidea hartu dugu oraingo honetan. Autoz, Aulestitik Markinarako bidea hartu dugu (BI-3448 errepidea), Lekoizeko gainera joateko. Malats auzoa pasa eta harrobia atzean utzi ostean, ezkerrera Santa Eufemia baseliza, Urregarai edo Bedartzandirako bidea zein den dioskute egurrezko seinaleek. Autoa inguruan utzi eta gorantz doan pista hartu dugu. Berez, autoz igo daiteke Santa Eufemiako zelairaino, baina guk oinez egin dugu bidea. Hasieran, inguruan harrobia dagoela argi eta garbi adierazten duten harrizko blokeek inguratuko gaituzte. Gorantz egiten dugun neurrian gero eta urrunagoko parajeak agertzen zaizkigu begien aurrean eta han goian aurkituko duguna imajinatzen hasten gara, ezinbestean. Laprast egin barik, heldu gara zelaira. Bertan atseden-gunea dago eta ongi hornituta gainera: mahaiak, eserlekuak, iturriak, barbakoak zein askak... Ez dabil jende asko, hala ere. Oraindik goizegi da. Bolatokian isiltasuna da nagusi. Atxagarai aterpetxeak ere leiho eta ateak itxita ditu.

Tabernarik ere ez dago. Hori uda sasoian baino ez dute zabaltzen. Aterpetxean lehentasuna herriko taldeek dute. Hala ere, edonor joan daiteke. Erreserbak udaletxean bertan egin behar dira.

Ardoaren eta arrainaren ibilbidea

Behin zelaian hiru aukera daude. Bedartzandiko tontorra, Urregaraiko tontorra edota Markinara bidea hartzea. Aulestitik barik, jende asko Markinatik etortzen da Santa Eufemiara. Ordu eta erdiko bidea baino ez da Markinatik Urregarai tontorrera doana. Amoroto eta Santa Eufemiako zelaiaren artean pasatzen da “Ardoaren eta arrainaren ibilbidea” ere; Lekeitio eta Ondarroa Arabako Errioxarekin lotzen dituen garai bateko bidea. GR 38 ibilbidea, hain zuzen ere. Bide hau ere ondo markatuta dago, zuri-gorriz. Amoroto eta Aulestiko baserrietan barrena pasatzen da ibilbide hau eta Bedartzandira igotzen da. Bedartzanditik Santa Eufemiako zelaira eta hemendik Urregaraiko tontorrera. Ibilbidea Markinan amaitzen da.

Guk lehenengo Bedartzandirako (699 m) bidea hartu dugu. Bidea harkaitz artetik doa. Kontuz ibiltzeko bidea da, baina ezelako zailtasun barik. Tontorretik, ikuspegia izugarria da: Iluntzar, Ereñozar eta Urdaibai batetik, Lekeitio eta Otoio parez pare, Gipuzkoako kostaldea eta Aiako Harria, Aizkorri, Anboto, Oiz, Tologorri... Picos de Europako tontor zurituak ere ikusten ei dira bertatik egurats garbia fortunatuz gero; gaur egun ederra dago, baina ez hainbesterainokoa. Nabarnizko Iluntzar mendira ere joan daiteke bertotik. Santa Eufemiako baseliza eta Urregaraiko tontorra parez pare ditugu. Zergatik ez dugu haraino igotzeko ahalegina egingo?

222 eskailera

Berriro ere atsedenlekura jaitsi eta Santa Eufemia baselizarantz doan pista hartu dugu. Beste aldera goaz. Harrizko bide zabaletik zelai txikiago batera heldu gara. Bertotik baselizarako eskailerak hasten dira: 222 guztira. Gerriko minak sendatzen omen ditu Santa Eufemiak. Baseliza ondoan dago Urregaraiko tontorra (704 m). Bedartzandiren inbidiarik ez dauka tontor honek, hemendik ere ikuspegia izugarria baita. Ez dago gure begiei trabarik egingo dien ezer. Urregarai ez da osorik aulestiarrena, Markinarena omen da zati bat.

Berriro ere zelaira jaitsi garenerako berbotsa da nagusi, mahaiak bete dira eta umeak dira nonahi. Egun-pasa egiteko leku egokia da Santa Eufemiako zelaia. Horretarako, eta bestetarako ere bai. Bertan egiten zen erromeria ere ezaguna da inguruetan, eta gaur egun ere jai handia izaten da irailaren 16koa.

Mendira buelta egin eta Aulestin bertan bazkaltzeko ez dago ezelako arazorik. Jatetxeak bat baino gehiago dira eta ondo jatearen fama du Aulestik.

Ermitaz ermita

Aulesti ezagutu gura duenarentzat ere bada beste ibilbide bat: herriko baselizetatik doana, hain zuzen. Ibilbidea Aulestiko plazan hasten da, bertan dago San Juan Bataiatzailearen eliza. Hemendik San Blas ermitara, Urriola auzora, Maria Magdalenaren ermitara, Zubero auzora, San Lorentzora, Malats auzora, Santa Eufemiako baselizara, Bedartzandi eta Urregarai tontorretara, Goierri auzora, Narea auzora, San Bizente baselizara, Ibarrola auzora eta San Pablo, San Anton eta San Juan Burumoztuaren ermitetara doa bidea.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude