Aitor Zabaleta, kazetaria
Atsekabetuta dago gizona, triste. Kotxeen matrikulak aldatu zituztenetik, akabo udako entretenimendua. Lehen, agurea adi-adi egoten zen kotxeak nongoak ziren ikusten. Bi orduko jarrialdiaren ostean, bere ikerketa partikularren emaitzak jakinarazten zituen: “Gaur gipuzkoarrak nagusi, hamalau kotxe Donostiako matrikularekin, zortzi Bilbokoarekin, lau Madrilekoak, eta hiru Bartzelonakoak”. Leku gutxitan azterketa turistiko errealagorik. Kale-kalean egindako ikerketen berri ematen imajinatzen dut gizona: “Aurten katalanak asko, inoiz baino gehiago, Madrilekoak ere ugari, baina gehien, beti bezala, gipuzkoarrak eta bizkaitarrak”.
Pikutara joan dira, ordea, horiek guztiak. Kotxe gehienek matrikula anonimoak dituzte orain, eta Burgiko agurearentzat metalezko trastuak besterik ez dira, arimarik gabeko gailu erroberadunak. Fantasmak balira bezala pasatzen dira herritik, nongoak diren jakinarazi gabe. Jota dago aitona, gaur egungo erabaki “modernoak” gero eta ulergaitzagoak egiten zaizkiola esan dit. Kotxeei identifikazioa kenduta, mundua leku desatseginagoa da beretzat. Kotxe guztiak berdinak dira, eta Burgiko atariko uda epela hoztu egin da.
Agureari bostekoa eman, agurtu eta bideari berrekin diot entzundakoaz pentsatzen. Nirea ere “arimarik” gabeko autoa da, eta hala nahiago. Berria erosi nuenetik, bidaiari anonimoa naiz. Ez diet pistarik ematen beste gidariei, ez Palentziako erdigunean aparkatzen dudanean, ezta Nafarroako basoetara perretxikotara banoa ere.
Gustatzen zait anonimotasuna, nortasun erreferentziarik ez erakustea, begi-bistakorik behintzat. Kalean kamuflatzea ezinezkoa denez, ezezagunen artean egonda ere inor ez denez sailkapen eta aurre-iritzietatik libratzen, askatasun eremu txikia topatzen dut nire kotxe gris, arrunt eta anonimoan.
Emozionatu egin naiz Burgiko agureari entzuten, ulertzekoa da bere atsekabea. Nik neuk ere nire burua ikusi dut 30 urte barru gazteei kontatzen lehen bazirela probintziaka banatutako matrikulak, eta haiek bai zirela politak, eta umetan geografia ikasten genuela CS edo BA nongoak ziren asmatzen, eta bozina jotzen genuela gutako bat Tarragonan ikusiz gero.
Baina bolante aurrean eserita, segituan desegin dira ideia horiek. Hor kanpoan, mundua leku gogorra da, eta nik nahiago dut kotxe barruan goxo-goxo egon.