Haitiren zorrak "Bébé-Doc"en altxorrean daude

  • Abuztuaren 22an Suitzako Gobernuak urtebeterako luzatu du Jean-Claude Duvalier “Bébé-Doc” Haitiko diktadorearen kontuen blokeoa, bere herritarrei ostuak direlakoan. Adituen ustez Duvaliertarrek munduko bankuetan daukate gorderik Haitiren kanpo zor osoa adinako dirutza.
Jean Claude Duvalier
Jean Claude Duvalier "Bébé-Doc"
“Fondation Brouilly” batenak ei dira Union des Banques Suisses-en (UBS) dauden 7,6 milioi franko suitzarrak (4,6 milioi euro). Baina denek dakite 1971tik 1986ra Haitiko diktadore izandako Jean-Claude Duvalier-enak direla. Diruok Duvaliertarrek berreskuratu behar zituzten ekainaren 3an, baina Bernako agintariek kontu horren blokeatzea luzatu dute.

Aginte federalak erabakia Suitzako Konstituzioaren 184-3 artikuluan oinarritu du: atal honek gobernuari agintzen dio herrialdearen interesak zaintzea, bereziki nazioarteko bere izen ona arriskuan dagoenean. Blokeoa eskatzen duten errepresaliatu haitiarrei ez zaie Suitzaren izen ona axola, beren helburua baita Miamiko auzitegi batek haientzako 1988an Duvaliertarrei ezarri 1,75 milioi dolarreko kalte-ordainak eskuratzea. Haitiren kanpo zorrarekin kezkatuta dauden militanteek, berriz, begiratzen diote Miamiko sententzia hartan haitiarrei aitortzen zitzaizkien 504 milioi dolarrak berreskuratzeko bidea garbitzeari.

Ataka gaitza gainditu beharko dute diktadorearen familiak ebatsirikoak benetako jabeei itzultzea nahi dutenek. Suitzak sistema berezia dauka beste herrialdeetako epaileekin elkarlanean aritzeko, hori batetik. Eta bigarrenik, suitzarren banku-sekretu ospetsua dago. Bi giltzarrapo irekitzen zailak.

1986an eskatu zuen Haitik Duvaliertarren diruak blokeatzea Suitzan. Bi urte geroago onartu zuten agintari helvetiarrek. Eta epaileen arteko elkarlana abiatu zen. Baina diruok diktadore ohiaren familiari kentzeko Haitiko auzitegiak frogak erakutsi behar ditu –1996ko lege suitzar batek ezarritako baldintzengatik– eta hori oso nekez lortuko da.

Estatu baten egitura osoa kontrolatu duen agintariak bere lapurreten arrastoak lausotzeko denbora eta indarra eduki ditu. Baina gainera, diktadoreek egitura judiziala arras ahulduta utzi dute. François “Papa-Doc” eta Jean-Claude “Bébé-Doc” Duvalier aita-semeen artean, Haitin gobernatu zuten hasi 1957tik eta 1986raino.

Ez da harrigarri Port-au-Princeko epaileek nazioarteko gai baten kudeaketan taxu gutxi erakustea. Diktadura jasandako beste herrialdeekin ere antzekoa gertatu da, hala nola Kongoko Errepublika Demokratikoarekin. Informazio honetarako iturri erabili dugun Afrikara webgunean hala idatzi dute: “2008an bukatzen da Mobutu diktadore ohi zairetarraren diruen blokaketa, eta Kongok ere ez du diruok berreskuratzeko elkarlan judizialaren eskaria bete oraindik”.

Oztopo horiek aski ez balira, hona hirugarren maratila: Suitzako legedian laguntza judizialik ez da onartzen zerga-ordainketen saihestea baldin bada diruon jatorria. Iruzur fiskalak zigor penala eta administraziokoa jaso ditzake, baina saihesteak administraziokoa bakarrik. Ñabardurak? Oztopo larregi, Duvalierren sosak noizbait Haitira itzuliko direla amesteko.

Osasun publikoak falta dituenak

Duvaliertarrek ebatsi eta atzerrian ezkutuan dauzkaten diruak 4,6 milioi euro horiek besterik ez izatekotan, interes pitina lukete gaurko haitiarrentzako. Baina L’or des dictatures liburuan Philippe Madelin-ek dio Suitzan bertan ehun milioi dolarrez goiti dauzkatela gorderik.

Beste informazio iturri ona Comité Catholique contre la Faim et pour le Developpement (Gosearen kontrako eta Garapenaren aldeko Batzorde Katolikoa, CCFD) da. Honek diktadoreek lapurtutako diruen kalkulua plazaratu du 2007ko martxoan, eta bertan “Bébé-Doc”en altxorraz bi zifra aipatzen ditu. Transparence International erakundearena bata: 300 eta 800 milioi dolar arteko kopurua ebatsi eta atzerriratu zutela. Nazio Batuen drogaren eta kriminalitatearen kontrako bulegoak aldiz kopuruak 500 eta 2.000 milioi dolar artean finkatu ditu.

Nola ostu liteke hainbeste diru miseriak itotako Haiti batean? CCFD erakunde katolikoak deskribatu du Duvaliertarren sistema: “Haitiko banku zentralari agintzen zioten dirutza handiak sartzeko familiak zorrotz kontrolatutako eta itxuraz ongintzarako ziren erakundeetan. Horretaz gain, herrialde aberatsek Haitiko jendeentzako bidaltzen zituzten irin zaku guztiei zerga ordainarazten zieten. Gero, diru horiek denak atzerriko bankuetako kontuetara igortzen zituzten”.

1986an, haitiarren erreboltak agintetik egotzitakoan, Jean-Claude Duvalier Frantzian babestu zen. Port-au-Princeko agintari berriek Frantziako justiziaren laguntza eskatu zuten 120 milioi dolar berreskuratzeko. 1988an Aix-en-Provenceko epaitegiak bere gain hartu zuen gaia ikertzea, baina Duvaliertarrek apelazioa egin eta geldiaraztea lortu zuten. Frantziako legediak debekatzen du atzerriko estatuburu bat auzitegi frantsesetan pertsegitzea Frantziatik kanpo egindako gaiztakeriengatik.
Geroztik Frantzian egoera aldatu da, zeren eta nazioartean ustelkeriaren eta diru-zuriketaren kontra erabaki diren hitzarmenak onartu baititu. Horien artean, ustelkeriaren kontrako Nazio Batuen 2003ko hitzarmena, nazioarteko legedian sartzen duena ostutako ondasunak beren biktimei itzularaztea.

Herrialde txiroen kanpo zorraz okupatzen diren erakundeak eta giza eskubideen aldekoak ari dira antolatzen Frantzian Duvaliertarrek dauzkaten ondasunen berreskuratzea. Afrikarak aipatu ditu ondasun horietako batzuk: Théméricourt herrian jauregia, Pariseko Foch karrikan apartamendua, beste bat 240 metro karratukoa hiriburuan, beste bi Neully hirian, eta abar.
Suitzan, Frantzian, AEBetan, eta paradisu fiskaletan Duvalier familiak pilatutako ondasunak, aipatu erakundeon iritzian, ez dabiltza urruti Haitik daukan kanpo zorraren kopuruetatik. 1986an, “Bébé-Doc”ek agintea galdu zuenean, Haitik 800 milioi dolar zor zituen eta gaur hori 1.400 milioitan dago. Duela bi urte Munduko Bankuari atzerapenak kitatzeko Haitik 52,6 milioi dolar pagatu behar izan dio. 1996tik 2003ra bitartean urtero atzerriko hartzekodunei ordaindu behar diena (interesak+ amortizazioa) bikoiztu egin da. Hona zifretatik harago ulertzeko konparazioa: urteotan zorra kitatzen Haitik erabiltzen du osasungintza publikoan gastatzen duenaren bi halako.

Jean-Claude Duvalierren kasua ez da bakarra, Nazio Batuen Erakundeak joan den astean gogorarazi duen moduan. Baina Duvaliertarren lorratzak ikertzen ari direnek nahiko lukete Ameriketako herrialderik txiroena den Haitiko diktadorearena konpontzea, beste guztien lapurretak argitu ditzazkeen langa irekitzeko.

Ez daukate lan erraza. Suitzan bankuko sekretua daukate oztopo. CCFDren ikerketetako batean –La fortune des dictateurs– Antoine Dulin-ek dio Suitzan atzerritarrek dauzkaten diruen erdiak legez kontra atereak direla. Eta Frantzian, Jean-Claude Duvalier diktadorea urrezko “sans-papier” babestua da.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude