Erroibarko eta Esteribarko Hiztegia
Erroibarren eta Esteribarren erabiltzen den euskal lexiko esanguratsu guztia biltzen ahalegindu da Orreaga Ibarra Murillo, Euskaltzaindia eta Nafarroako Gobernuaren bidez plazaratu duen Erroibarko eta Esteribarko Hiztegia-n. Gaiari zegokion bibliografian sakonki arakatzeaz gainera, Euskal Herriko alde horretako euskaldunengana jo du. Egileak hasieratik aitortzen duenez, liburuko hitz altxor gehiena elkarrizketen bidez atera du. Bertako euskara orain gutxi arte gorde duten herrietan izan da: Mezkiritzen, Zilbetin, Lintzoainen, Iragin, Eugin eta Usetxin. Elkarrizketatutako hiztunek darabilten euskara agertzeaz batera, haien bizitzako pasadizorik esanguratsuenak ere azaldu ditu horrela.