Berdintasunaren bidean

  • “Desberdinak gara, berdinak gara”. Horratx azaroaren 14ro ospatzen den Diabetesaren Nazioarteko Egunaren iazko leloa. Ez da lelo hutsa. Funtsean diabetikoen nahia islatzen du bere gordintasunean: berdinak izatea. Hots, bizitza normalizatu eta inolako estigmarik gabea garatzea.
Juncal Telleria
Juncal Telleria, Gipuzkoako Diabetikoen Elkarteko lehendakariaMaddi Soroa
Juncal Telleria Gipuzkoako Diabetikoen Elkarteko lehendakaria da 2006ko urritik. Orain hamazazpi urte diagnostikatu zioten gaixotasuna, haurdun zegoela. Ez du arazorik bizimodu arrunta egiteko, nahiz eta aitortzen duen beti ez dela samurra izaten: “Gaixotasuna diagnostikatu zidatenean izugarri amorratu nintzen. Ez da samurra, baina onartu eta aurrera egin behar da. Azukre jaitsierak izan ohi dira buruhauste handiena, gogaikarria egiten zait. Nolanahi, nire kasuan behintzat, ez dut aparteko zailtasun edo arazorik. Egin beharreko kontrolak egin, otorduak neurtu eta kito. Askori, ordea, kosta egiten zaie gaixotasuna onartzea eta ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen dute, batez ere nerabezaroan. Dena den, gehien sufritzen dutenak gurasoak izan ohi dira. Euren haurra egunero ziztatu beharra hagitz gogorra egiten zaie”.

Telleriak dagoen ezjakintasuna salatzen du, eta horrek eragiten dituen bidegabekeriak, batez ere lanean eta eskolan. “Jendeak, oro har, desberdin ikusten gaitu. Pertsona ahulak garela eta egun osoa ziztatzen gabiltzala uste dute, eta etengabe konortea galtzen egongo bagina bezala tratatzen gaituzte. Uste ustel hori errotua dago zoritxarrez. Ezjakintasun handia dago eta horrek kaltea eta mina besterik ez du sortu. Lan munduan, esaterako, diskriminazio handia dago. Hobe da gaixotasuna ezkutatzea, bestela kale gorrian geratzeko edota ez kontratatzeko arriskuan zaude. Jende andanak ezkutatzen du gaixotasuna. Eta ikastetxe batzuetan arazoak izan ditugu zenbait irakaslerekin. Kontua da irtenaldiak egiterakoan, zenbait irakaslek haur diabetikoekin joateari uko egin diotela, baldin eta haur horiekin begiralea ez badoa. Arazo larria da hau, irakasleari baitagokio diabetikoa gizarteratzea, baztertu ordez”.

Politikan, hitz antzuen ordez ekintza eraginkorrak aldarrikatzen ditu. Jaurlaritzara jo duten bakoitzean euren eskaerak entzun bai, baina ez dietela jaramonik egin dio: “Babesgabe sentitzen gara”. Suhiltzaile, ertzain edota polizia gisa lan egin ahal izateko sinadurak bildu dituzte, baina kontua geldirik dago. Beste arlo batzuetan, beren borrokak eman du fruiturik: gidabaimena orain gutxi arte urtero berritu behar zuten, baina egun, bi urtero berritzea aski da.

Arazo larriak

Intsulina kaxa bakoitzean bost intsulina boli datoz. Kaxak hilabete irauten du eta 80 euro balio ditu, baina gizarte segurantzak ordaintzen die kaxa diabetikoei. Osasun Sistema Publikoari gastu gehien sortzen dion gaixotasunetako bat da diabetesa, eragin ditzakeen arazo larriengatik. Felix Zubia medikuak azaldu digunez, intsulina ezak gorputzaren funtzionamendu egokia oztopatzen du, eta zainak izaten dira kaltetuen. Gorputzeko zirkulazioa hondatu egiten da eta hamaika buruhauste sor daitezke. Kalteturiko zain horiek ixteko arriskua dute eta horietako bat buruan itxiz gero, buruko infartua eragingo luke. Begietako erretinara doan arteria itxiz gero, itsu geratzeko arriskua dago. Giltzurrunetarakoa kaltetuz gero, giltzurrun gutxitasun bat sortzeko aukera handia dago. Hanketan zirkulazio txarra badugu berriz, zauriak ixteko zailtasuna eragiten du diabetesak eta horrek hanka moztea dakar zenbait kasutan. Bihotzera doan arteria bada kaltetua, bihotzekoak jotzeko arriskua dago. “Horietako ezbehar baten ostean jende askori atzeman diogu gaixotasuna”, dio Zubiak.

Sonia Gaztanbide Gurutzetako (Bizkaia) Ospitaleko Endokrinologia eta Elikatze zerbitzuetako buruak gaixotasunaren eragin handia berretsi digu: “Endokrinologian artatzen ditugun gaixoen erdia diabetikoa da. Gainera, diabetesa gaixotasun kronikoa da, ezin daiteke senda-agiria jaso, betiko da. Bihotzekoa izan duen diabetikoak diabetikoa ez den pertsona batek baino arrisku handiagoa du berriz ere bihotzekoak jotzeko. Horregatik, ospitaleratzeari dagokionez, osasun gastua gutxienez lau aldiz handiagoa da”.

Estrategia

Osasunerako Mundu Erakundeak aditzera eman duenez, neurri eraginkorrak hartu ezean diabetesaren ondorioz hilkortasun tasa %80 haziko da hurrengo zortzi urteetan. Diabetes kasuak geroz eta ugariagoak dira eta munduan ia 200 milioi diabetiko daude. Euskal Herrian datu zehatzak jakitea oso zaila da; diabetesa ez da derrigorrez erregistratu beharreko gaixotasuna eta beraz, ez dago kopurua zehatz-mehatz jakiterik. Neurri eraginkorrak hartu bide, Espainiako Estatuko erkidegoetako agintariek Osasun Ministerioarekin batera diabetes estrategia adostu zuten joan den urteko urrian. Felix Zubiaren arabera, estrategiaren helburu nagusia diabetiko guztiak diagnostikatzea da, izan ere, erdiek ez dakite gaixotasuna dutenik ere. Bestetik, bizi ohiturak aldatzea, hezkuntza hobetzea eta horren bidez elikadura egokia eta ariketa fisikoa bultzatzea ere bilatzen du dokumentuak.

Gaztanbidek prebentzioaren aldeko urrats modura ikusten du estrategia: “Gaixoa behar bezala zaintzeko jarraitu beharreko pausoak ezarri nahi dira, oinarrizko zainketa moduko bat, heriotza tasa eta diabetesak eragindako ondorio eta arazoak murrizteko helburuarekin. Batez ere, prebentzio neurria da: bizimodu osasungarria sustatu, ariketa fisikoa eginez eta elikadura zainduz ohiturak aldatu, eta horiekin diabetesaren agerpena gutxitzea”. Juncal Telleriak begi onez ikusi du hitzarmena, loditasunak eragiten duen II motako diabetes kopurua murrizteko eta gaixotasunaren inguruan kontzientziatzeko. Gaztanbidek ere kontzientzia hitza azpimarratzen du diabetesaren aurkako eguneroko borrokan: “Diabetikoak eurak ere ohartu dira azukrearen kontrola modu zorrotz eta eguneratuan eraman behar dutela arazoak saihesteko. Bestetik, tarteka medikuok gaixoekiko errukia sentitu ohi dugu horrenbeste pilula hartu behar dituztela jakitean eta horregatik direnak eta bi egiten ditugu pilula kantitatea murrizteko. Hala eta guztiz ere, errukiak ez dakar mesederik eta bost pilula behar baditu bost hartu beharko ditu. Hori da nire gomendioa. Horretan zorrotz jokatu behar dugu, batez ere, haurrekin. Azkenik, administrazioan ere kontzientzia aldaketa dagoela dio, “jakin baitakite neurriak hartu ezean arazoak eskuetatik ihes egingo diela”.

ASTEKARIA
2007ko irailaren 30a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude