Mila koloredun gela

  • Ez da ohikoa. Mugitu egiten da eta mugiarazi egingo du ikuslea. Ekainetik irailera arte Baionako Le Carré Bonnat aretoan ikusgai izan ondoren beste plazak probatzeko ordua iritsi zaio Euskal Munduak erakusketari. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean dantzatuko du aste honetatik azaroaren 17a arte. Euskal Kultur Erakundearen Batekmila programako azken proiektua da, eta uda arrakastatsua izan du.
Euskal Munduak erakusketa
'Euskal Munduak' erakusketako irudiaEKE
Aniztasuna bilatu eta aurkitu. Munduaren bila abiatu eta munduak aurkitu. “K” letraren pluraltasunarekin. Pertsona ugariren ahotsarekin. Eta munduak aurkituta, ibiltzen hasi behar. Atzo Baionan eta Donostian gaur.

Sartu eta ezker-eskuin bi pantaila. Sorpresa: irudiak gure keinuen arabera aldatzen dira. Hau ez da zut, isil eta geldi ikusteko erakusketa. Parte hartzea eskatzen du. Hori da Euskal Munduaken barruan oina jarrita ateratzen den lehenengo ondorioa.
Txikia dirudi. 200 metro koadro aski ditu. Espazio horretan poesiak, bertsoak eta antzerkiak egingo dute topo; diasporak; euskaldun zahar eta berriek; kirolak eta gastronomiak. Munduak azken batean, euskaltasunetik begiratuta. Horrela ez du hain txikia ematen.

Lau ataletan banatuta dago. Sarrerako pantaila interaktiboek ikuslea giroan sartzeko balio dute eta bigarren urratserako prestatzeko: kulturari eskainitako atalerako. Itxaro Borda, Koldo Amestoy, Jose Anton Artze eta Kirmen Uriberen poemak irakurri eta entzun edo bertsolaritzari, dantzari eta antzerkiari eskainitako bideoak ikusi. Modu intimoan nahi bada, horretarako prestatutako aurikularrekin, baita ingurukoekin batera ere, apal-apal giroa bustitzen duten doinuen laguntzaz.

Aretoaren hondoan, zutabeen moduan paratutako bideo proiektoreak daude. Sei ikus-entzunezko, euskal nortasunera hurbiltzeko sei era desberdin, Txillida eta Oteizari buruzko dokumentaletik hasita, Baiona, Angelu eta Miarritzeko arte eskolako ikasleen lanetaraino. Tartean diasporako euskaldunak, edo 11 Zubi izeneko dokumentala, euskaldunek munduko hiri desberdinetan aukeratutako zubiak oinarri hartuta sortutako lan ikusgarria. Bideoak ikustera eserita, bisitariak erakusketaren parte bihurtzen dira.

Mediatekan amaitzen da bisita, joko interaktiboak eta norberak bere euskal mundua sortzeko prestatutako pantailarekin. Bukaerara ailegatuta aurpegi, hizkera eta itxura ugari buruan. Jendeari buruzko erakusketa ikusi dugu. Ezagunak batzuetan –Serge Betsen errugbi jokalaria kasu–, herritar arruntak beste askotan. Munduari begiratzeko modu desberdinak.

Kolorea eta diseinua

Estetika koloretsu eta modernoa du Euskal Munduakek. Sorkuntza artistikoa da erakusketa bera, Pantxoa Etchegoin EKE-ko ordezkariaren esanetan: “Parte harrarazi ditugu argazkilari batzuk, bideogile batzuk, antzerkilariak, multimedian ari diren lantegiak… partaidetza handia da erakusketan. Lekua utzi diogu sorkuntzari eta gure parioa da gazteak hunkitzea”.

Strasbourg-eko lantegi batekin aritu dira elkarlanean, besteak beste, apustu hori gauzatzeko. Eszenografia, diseinua eta irudia oso landuta daude. Gainera, erakargarritasuna indartze aldera animazio ugari izan dira Baionan erakusketak iraun duen artean: kontzertuak, hitzaldiak, dantza erakustaldiak... Ahalik eta jende gehien hurbiltzeko sare zabala bota dute inguruko uretara. “Iparraldean guti gora behera bada %70 bat ez dena euskaraduna. Gure xedea da euskal kultura horren ezagutaraztea era eraginkor eta moderno batez, ahal bezainbat publiko hunkitzea, euskaldunak berak lehenik, bistan dena, baina euskaldunak ez direnak ere bai” dio Etchegoinek.

Batek mila egiten du

Euskal Munduak programa orokor baten barnean sartzen da, Batekmila izenekoa. ‘Batek mila egiten du’ erran nahi du eta programaren ideia da ber denboran baloratzea euskal kultura, ekintza berezi batzuk eramatea eskoletan eta eskoletatik kanpo, eta euskarri berezi batzuk sortzea” azaldu du Etchegoinek. Programa horren barruan egin zuten 2001. urtean Kantuketan erakusketa ere. 2005. urtera arte Euskal Herrian, Frantzian eta Herrialde Katalanetan barrena ibili zen. Esperientzia hartatik asko ikasi zutela azaldu du Etchegoinek eta Euskal Munduak atzerrian mugitzeko harremanak eginda dituztela horri esker: “Parisen egon zen, gero Bartzelonan Euskal Etxean, Perpinyan, Bordelen, Paben, Tolosa ondoan… Nik uste, nola hori ongi pasa zen, sarea badaukagula jadanik”.

Strasbourgeko diseinugileekin egindako lana ere lagungarria izango da Etchegoinen esanetan, erakusketa hara eramateko. “Nahi genuke Parisera ere eraman, baina hori, aitortzen dut oso konplikatua dela. Lan egin behar dugu Euskal Etxearekin. Baita orain ireki duten Musee des arts Premiers erakustoki berriarekin ere. Badakit egiten dituztela erakusketa ibiltari batzuk hizkuntzen eta horrelako gaien inguruan”.

Bisitariak ugari

Baionan egon den bitartean, arrakastatsua izan da erakusketa. Urtaroa baliatu dute publiko zabala erakartzeko. Baionarrez gain turistak –ingelesak, italiarrak eta hego amerikarrak aipatu ditu Etchegoinek– eta Euskal Herriko beste lekuetako jendea ere hurbildu da. “Ohartzen gara publiko gaztea ere etortzen dela, eduki horietan gazteek egin lan batzuk sartu ditugulako. Horrek, bistan dena, eragina badu”.

Erakusketaren egiturak ere izango du zerikusirik. Tamaina txikikoa izanda ez da jendetzarik hurbildu kolpean, baina tantaka-tantaka era guztietako pertsonak azaldu dira. Erakusketa intimoa delako. Norberak erabakitzen duelako zer ikusi edo entzun nahi duen. Bisitariaren esku dago neurri handi batean bere euskal mundua aurkitu eta eraikitzea. Ikuslearen jarrerak baldintzatuko du areto barruan pasako duen denbora. Etchegoinek azaldu duenez, jendeak gutxienez berrogei minutu pasa izan ditu erakusketako ataletan barrena, baina askok ordubete edo ordu eta erdi ere eman dute barruan. Interesa piztu duela, alegia.
Antolatzaileek prestatutako bisita gidatuek ere lagundu dute hurbiltze horretan. “Ohartzen gara lantegi batzuetarik –Merkatal Ganbaratik adibidez– talde batzuk etortzen direla” esplikatu du Etchegoinek. Bere esanetan azpimarratzeko modukoa da hori, kultura munduko jendeaz gain, bestelako alorretan dabiltzan pertsonak ere gerturatu direla esan nahi baitu.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude