John Gofman, antinuklearren osaba jakintsua

  • Energia atomikoa lortzeko lanetan aitzindari izan ondoren, lehenbizikoetakoa izan zen zentral nuklearren arriskuen ikerketa zientifikoak burutzen. John Gofman 88 urterekin hil berria da San Franciscon, azken urteotan antinuklearrei bere jakintzaren babesa ematen jardun ondoren.
Egia itsusi batekin egin zuen topo John. W. Gofmanek, bere hil-oharrean Greenpeaceko Harvey Wasserman-ek idatzi duenez: “Deskubritu zuenean indar atomikozko zentralek jende asko hiltzen dituztela, isilik egotea ez zuen onartu”. Energia nuklearrak XX. mendean egin duen bidearen protagonista eta lekuko izan da hil artean Gofman.

Wassermanek jakintsu honi deitu dio “historian errespetu handiena lortu duten mediku eta nuklear aitzindarietakoa”. Los Angeles Timeseko nekrologikoan berriz, “mugimendu antinuklearraren aitapontekoa izendatu izan dena”.

Historian arrastoa utzi du bonba atomikoa sortzeko lanetan esku hartu, bihotzeko gaitzen arloan aurkikuntza garrantzizkoak egin eta zentral elektrikoek isurtzen dituzten erradiaktibitate gutxiko emisioek ere gizakiak hiltzen dituztela demostratu zuen gizonak. 1969an, mundu guztiak atomika bakerako inbertsio ona zela aldarrikatzen zuen garaian, Gofmanek eta bere lankide zuen Arthur R. Tamplin-ek demostratu zuten erradiazio dosi txikiek ordura arte gobernuak aitortutako arriskuak baino 20 bider handiagoak zituztela.

1918an jaio zen John William Gofman, guraso errusiar etorkinen seme, AEBetako Clevelanden. Erdiz erdi harrapatu zuen 1930eko hamarkadako krisi handiak, eta eskolan sartzea trikimailuz erdietsi zuen, bide zuzenetik ezin lorturik. Unibertsitatean Medikuntza egiten hasi zen, baina gero Kimikara pasatu, Berkeleyko unibertsitatean. Hemen egin zuen indar atomikoaren ezagutza.

Geroago Nobel saria irabaziko zuen Glenn Seaborg irakaslea aurkitu eta honek 233-uranioarekin lan egiten jarri zuen. Bere lan taldearekin, azkar lortu zuten produzitzea lau milioiren 233-uranio, eta demostratu zuten honek bere kasa eragiten zuela fisioa. Talde berean deskubritu zituzten 232-protaktinioa, 232-uranioa eta 233-protaktinioa, artean ikasketetan ari zirenean.

Doktoregoa lortutakoan, plutonioa isolatzeko lanean ipini zuten Gofman, amerikarren bonba atomikoa ekoizteko Manhattan Projekt –orduan sekretu eta gero famatu egin zen– hartan. 1942a zen. Denetara miligramo laurden bat plutonio omen zeukaten atomoarekin jolasean ari ziren laborategi guztien artean. Proiektuko buru Robert Oppenheimerrek berak eskatu omen zuen Gofman gaztea ezagutzea, eta honi aipatu zion proiektua aurrera ateratzeko berehala miligramo erdi bat plutonio behar zutela.
Gofman eta bere lankideek tona bat uranio nitrato bildu eta horiek neutroiz irradiatzeko lanari ekin zioten. Bederatzi astez aritu omen ziren zientzialari gazteak gau eta egun atsedenik gabe, eta amaitutakoan zentimetro kubo erdi likidotan 1,2 miligramo entregatu zizkioten nagusiari. Eskatu zitzaienaren bi halako eta gehiago.

Antza denez, Gofmanek ez zuen sekula damurik izan bonba atomikoa eraikitzen lagundu izanagatik, hain iruditzen zitzaion beldurgarria Alemanian zegoen erregimen nazia... Baina laborategiko lan horien ondotik Medikuntza ikasketetara itzuli zen, eta doktore gradua lortu zuen 1946an.

Erradioaktibitateak kantzerra dakar

Mediku titulua eskuratuta, Gofmanek gizakiaren arterien gogortzea eta odoleko kolesterola ikertzeari ekin zion, eta lipoproteinak hobeto aztertzeari. Gai honetan ere aurkikuntza inportanteak egin zituen. Erakutsi zuen bazirela lipoproteinak dentsitate handikoak eta txikikoak, eta horiek arterioesklerosiaren sorreran daukaten garrantzia demostratu zuen. Ekarpen hau hasieran “Gofmanen heresia” bataiatu zuten kritikoek, baina denborarekin arrazoi eman behar izan zioten, eta geroztik urte luzez bihotzeko gaixotasunen ikerketan erabili dira ideiok. Sariak ere ekarri zizkion gero egileari.

Baina 1957an Gofmanek esan zuen aski egina zuela medikuntzaren alor horretan. Berak noizbait deklaratu zuenez, “ez naiz oso ona ‘i’ei puntuak eta ‘t’ei marratxoak jartzen”. Zerbait berria behar zuen, aurkitu gabeko zer edo zer, ezezaguna. Eta Kaliforniako unibertsitatean Biokimikan ari zela, 1962an, Atomic Energy Comission (AEC) delakoak zeukan ikerkuntza talderako hots egin zioten.

AECk esku batekin energia atomikoaren proiektu zibilak bultzatzen zituen eta beste eskuarekin erradiaktibitateak gizakiaren osasunean eduki zitzakeen ondorioak aztertzen. Artean ez zegoen batzorde independenterik. Eta berez, Gofmanen lanak erakutsi behar zuen industria atomikoa osasunarentzako kaltegarria ez zela.

Baina Gofmanek eta bere lankide Arthur Tamplinek alderantzizkoa demostratu zuten: erreaktoreak hiltzaileak direla. Eskandalua izugarria izan zen. Bien kontrako erasoa hasi zen, elektrizitate konpainietatik bezala gobernutik, eta urte luzez metatutako ospeak ere ez zituen salbatu bi jakintsuok erruki gabeko jipoitik. 1974an galdu zuten beren lekua AECren ikerketa ekipoan, eta sekula gehiago ez zuten diru publikorik eskuratuko proiektu bakar baterako.

Hala ere, lehenagotik Gofman hasia zen laguntzen mugimendu antinuklear sortu berriari. San Franciscon antolatutako Committee for Nuclear Responsability-ri lagundu zion erradiaktibitatearen kalteak herritarrei jakinarazten, eta denen artean 1971n eskatua zuten etenaldi bat zentral nuklear berriak eraikitzeko proiektuetan. Ez zuten lortu.

1974an komunikabideek erakutsi zuten John W. Gofman jakintsu edadetua, desobedientziazko ekintza deigarria burutzen ari zen Sam Lovejoyren aldeko mugimenduarekin lanean. Massachusetts-ko Montagu herri txikian erreaktore bi ari ziren eraikitzen, eta auzolaneko baserri organiko batean ari zen Lovejoy dorreetako batera igo zen, protesta egitera. Geroztik antzeko ekintzak egin dituzten milakaren aitzindaria, Lovejoy. Arrestatu ondoren auzitara eraman zuten Lovejoy gaztea, eta Gofman bere aldeko lekukotzat mintzatu zen, erakutsiz bi erreaktore haiek hilgarriak zirela. Militantea azkenean aske laga zuten.

Ekintza hartaz dokumentala egin zen, Lovejoy’s Nuclear War, oraindik Interneten bideoan eros daitekeena. Bertan Gofman honela mintzo da: “Kezkagarria da, zentral bat funditu daitekeen ala ez eztabaidatzen dugun bitartean, ari garela hondakin erradiaktibo pila astronomikoa sortzen. Zuek esan dezakezue horiek gorde eta isolatuko dituzuela %99,99 baino gehiagoko segurtasunez, bake eta gerren, giza akatsen, gaiztakerien, gerrillen, psikotikoen edo ekipamenduen matxuren gainetik. Baina nola bermatuko duzue %99,99ko segurtasun hori ehun-milaka urtetan barrena?”.

Liburuak ere idatzi zituen Gofmanek. Honelakoak esanez: “Zentral nuklearrei baimena ematea nire iritzian da premeditazioz edonor hiltzeko baimena ematea”. Dosi apaleko erradiazioek kantzerra eragiten dutela konbentzituta, azken urteetan John W. Gofman borrokatu da bere burkide medikuek gaixoei behar baino gehiago eman ez diezaien. Behar halako 100 erradiazio ematen dietelakoan.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


Nola obedituko diot eroari

1997. Aguraingo Intsumiso Eguna. Antimilitarismoak milaka lagun biltzen zituen bere ekimenetan, artxibotik berreskuratu dugun argazki honetan ikusten den moduan. Aurten 30 urte beteko dira Intsumiso Eguna ospatzen hasi zirela.


Eguneraketa berriak daude